Euskal Wikipediari eskaini deutsie eguna Kabi@n
2017-12-08 13:36 KultureaOrain dala sei urte sortu eben gunea digitalaren plazea izateko asmoz.
Euskerazko Wikipedia da gaurko protagonistea Kabi@n. Egun guztian zehar, tailerrak eta aurkezpenak izango dira bertan. Holan, nahi dauenak webgune horretan bertan editetan ikasteko aukerea izango dau. Liburuzainak, idazlezainak eta literaturearen ganeko berbaldia be egongo da eta Wikipedia eta hezkuntzea proiektuaren aurkezpena egingo dabe.
Digitalaren plazea izateko jaio zan Kabi@ gunea. Orain dala sei urte abiatu zan proiektua eta handik eta urtebetera, orain ezagutzen dogun formatuagaz aurkeztu eben, hau da, domoagaz, Landakoko plazan dagoan kupulatxuagaz, dino Gorka Juliok. Bera da gune honetako koordinatzailea eta kontatu deuskunez, Kabia@ sortu aurretik, Gerediaga alkartekoak teknologiaren gaia lantzen hasi ziran, baina saiakera batzuen ostean, ez eben arrakasta handirik izan eta gaiari aparteko garrantzia eta merezidu eban estatusa emon nahi eutsienez, Kabi@ sortzea erabagi eben. Sasoi haretan, Aiert Goenaga zan Durangoko Azokako zuzendaria eta azokearen plan estrategikoaren ganean, hainbat eztabaida sortu ziran. Orduan erabagi eben Kabia@ martxan jartea.
Juliok azaldu dauenez, kultura digitala eta batez be librearen plazea da Kabi@ eta bere ustez, hori transbertsala danez, euskal komunidadearen errealidade desbardinak Kabi@ra ekarten saiatzen dira. Euskereagaz eta kultureagaz, software eta hardware libreagaz zerikusia dabenak, baina baita be hainbat ekimen gauzatzen dituan komunidadeagaz: itzultzaile taldeak, bideo-jokoakaz olgetan ibilten diranak, gizartean eragin bat bilatzen daben enpresak. Hortaz, alkarlana da nagusi Kabi@n. Gaur adibidez, Euskal Wikilarien alkartekoek hartu dabe eguna.
Gorka Julio koordinazino lanak egiten ibilten da Kabi@n, baina batez be jentea harremanetan jarten eta bertaratzen diranak gustura egon daitezan saiatzen da. Beste gune batzuetan gehiago da ikusi edo entzutekoa, baina gurea, nahiz eta sortzaileak egon, tailerrak edo ekiteko espazioa da, interaktiboagoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!