Atzerriko literaturako liburu bi euskeratuta dakarz Igelak
2017-12-07 13:24 KultureaAmélie Nothomb-en Hodien metafisika eta Josep Pla-ren Kale estua dira.
Literatura unibersala euskerara ekarteko ahaleginean beste pausu bi egin ditu Igela argitaletxeak. Durangoko Azokan eskuragarri dagoz frantsesetik eta katalanetik itzulitako liburu bi. Batetik, Garazi Arrulak Amélie Nothomben Hodien metafisika narrazino bitxia itzuli dau. Bestetik, Kataluniako herri txiki bateko bizimodua eta jentea erakusten dituan Kale Estua nobelea, Josep Plarena, euskeratu dau Jexux Mari Zalakainek.
Nobela garaikidetzat jo leiteke 2002an idatzitako Hodien metafisika. Igelako arduradun Xabier Olarrak azaldu dauenez, idazle moderno eta bitxia da Amélie Nothomb, eta bere testuak be halakoxeak izaten dira. Urtero lau liburu idatzi eta horreetako bakarra argitaratzeko ohiturea dauka Nothombek, Arrulak kontau dauenez. Haren lanak autobiografikoak izaten dira, autofikzinoa dalakoa egiten dau.
Hodien metafisika-n, hain zuzen be, bere bizitzako lehenengo hiru urteen kontakizuna egiten dau Nothombek. Izatez belgikarra dan arren, Japonian pasau zituan urteak eta hango erreferentzia ugari dagoz, baina Mendebaldeko ikuspegi batetik, Arrularen ustez. Hutsetik hasi eta hutsean amaitzen dan ibilbideaz egiten dau berba autoreak eta, horregaitik, Arrulak dino ikutu nihilistea dauela Hodien metafisika-k. Exajerazinorako jokerea dau, tonu mistikoa be badauka, Bibliari erreferentzia ugari egiten deutsaz.
Tonu serioa darabilen arren, batzuetan horren serioa da ze, komiko be egiten dira pasarte batzuk, itzultzailearen ustez. Algarak eragiteko umorerik ez, baina tonu ziniko eta umoretsu bat badauka Nothombek. Hodien metafisika-z gan, autore horren beste liburu bi dagoz euskeratuta Igelaren eskutik.
Gaiaren eta estiloaren aldetik, guztiz kontrakoa da Igelak aurkeztutako beste liburua. Josep Pla katalanak 1950aren bueltan idatzitako Kale estua Jexux Mari Zalakainek ekarri dau euskerara. Zortzi urte egin zituan Zalakainek kartzelan eta han ekin eutsan proiektuari: Kartzelan, zeozer badago, hori denporea da, adierazo dau. Kataluniako historia eta hizkuntzea ikasten ibili zan espetxean eta, hori biribiltzeko, Plaren liburu hori itzultzea erabagi eban.
Kale estua joan dan mendeko klasikoetako bat da Katalunian, obra saritu eta laudatuenetako bat da. Bartzelonatik probintziako herri txiki batera heldu barri dan albaitari gazte baten gorabeherak kontetan ditu Plak. Herriko bizimodua, jazoerak, jentea eta abar agertzea zan Plaren asmoa, hau da, fikzinoa izan arren, errealidadetik hurreko nobelea da. Kazetaria izanik, bere begiz ikusten ebana kontetea zan bere helburua, azaldu dau Zalakainek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!