Euskal artearen historia batuko dauen bildumea aurkeztu dabe
2017-12-06 07:08 KultureaBilboko Arte Eder Museoak bultzatuta, 1936tik gaur egunera arteko errepasoa dakarren lehenengo atala plazaratu dabe.
Egitasmo handinahia aurkeztu dabe gaur Bilboko Arte Eder Museoan, Euskal artearen historia izenburuko bildumea. Hiru aletan banatuta, euskal arteak emon dauen guztia jorratzea da helburua. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria eta proiektuaren babesle dan Metro Bilbaoko Eneko Arruebarrena egon dira aurkezpenean, Arte Eder Museoko Miguel Zugaza eta Begoña Gonzalezegaz batera.
Euskeraz eta gaztelaniaz argitaratuko dabe euskal artearen historiaren inguruko egitasmo editorial hau. Bilduman hiru atal argitaratzea aurrikusten dira, eta horreetako lehenengoa kalean da dagoeneko: Euskal artearen historia, Gerra Zibiletik gaur egunera (1936-2016), Javier Viarrek idatzia etaBegoña Gonzalezen dokumentazino bibliografiko sakona dakarrena. Kronologiari begiratuta, beraz, sasoirik barrienak aztertu ditu Viarrek lehenengo alean.
Bildumako lehenengo atala liburuki bitan banatuta dago. Viarrek euskal arte garaikidearen errepaso sakona egin dau. Egilearen arabera, disdira eta nazinoarteko oihartzun handiko sasoiak izan dira azkenaldikoak euskal artearentzat, besteak beste, Jorge Oteizari eta Eduardo Chillidari esker. Liburuki bietan 300 artistatik gora agiri dira.
Euskal Herriko gorabehera soziopolitikoek euskal artistakan izandako eragina, mobimendu artistikoak eta abar be aztertu ditu Viarrek. Gaur egungo panoraman oparotasun handia dagoala dino eta arte plastikoek euskal kultureari eta gizarteari emon deutsien aberastasuna nabarmendu dau.
Lehenengo atalaren liburuki biak 60 euroan jarriko ditue salgai (banatuta ez dira salduko). Proiektuaren hurrengo pausua falta diran beste atal biak plazaratzea izango da. XVIII. mendetik XIX. mendearen amaieraraino doan alea Mikel Lertxundik eta Javier Novok atonduko dabe. XX. mendearen hasiera jorratuko dauena, ostera, Pilar Murren eta Miriam Alzuriren ardurapean egingo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!