Durangoko Azokea bisitari guztientzat eskuragarriagoa izango da

Bizkaie! 2017-12-01 12:30   Kulturea

Kultura, denon eskura egitasmoak irisgarritasuna hobetuko dau.

Arantza Atutxa eta Gorka Martinez (argazkia: Durangoko Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokeak eta BBK-k Kultura, denon eskura izeneko proiektua aurkeztu dabe, abenduaren 6tik 10era bitartean egingo dan azokea bisitari guztientzat eskuragarriagoa izan daiten. Ezintasunen bat daukienei begira sortutako ekimena da, euskal kulturearen plazan egoteko trabarik euki ez daien. Aurten bertan emongo ditue lehenengo urratsak, hurrengo edizinoetan irisgarritasuna erabatekoa izateko asmoz.

Gerediaga alkarteko kudeatzaile Arantza Atutxak eta BBK-ko zuzendari orokor Gorka Martinezek parte hartu dabe Bilbon egindako aurkezpenean. Atutxak azaldu duenez, Gerediagak aspaldi darabilen kezkeagaitik sortu da ekimena: Zelan egin irisgarri euskal kulturea gaitasun ezbardinak dituen personei? Zelan gozatuarazo sormenaren lurraldeak eskaintzen dituan bizipenak?, horreetxek dira abiapuntuan dagozan galderak.

Kezka horri erantzunez, hainbat jarduera antolatuko dira Durangoko Azokearen 52. edizino honetan; hasteko, gaur egun irisgarritasunaren arloan lanean dabizan esperientzia kulturalak ezagutzera emongo ditue abenduaren 7an, eguenean. Berbaldiak izango dira, 17:00etan Areto Nagusian. Honako esperientziak aurkeztuko dira:

- Manos K Rien kultura talde artistikoa: Donostian zeinu hizkuntzen arte jaialdia antolatzen dabe.

- Kukai Dantza Taldea: Bizikidantza izenburupean jantza tailerrak eskaintzen ditu, integrazinoa lantzeko.

- FormArte: Sormen artistikorako formakuntza zentroa, egoitzea Bilbon dauena.

- Irakurketa Erraza proiektua.

Horrezaz gan, abenduaren 6an, Ezberdintasunean hezi filma proiektauko dabe Irudienean eta, hilaren 9an, Telmo Iruretaren Minus ukittua mikroantzerkia ikusi ahal izango da.

Bestetik, BBK-k Landako gunean izango dauen erakusmahaian, han eskuragarri dagozan liburuen barri braillez emongo da, eta irakurketa errazeko argitalpenak be egongo dira. Ganera, bisitaldi gidatu bereziak egingo ditue ezintasunen bat daukienakaz. Talde txikietan antolatu, eta Azokeak dituan gabezien diagnostikoa egingo dabe, bisitarien eretxi eta ekarpenak jasota. Holan, hurrengo edizinoetan, azoka inklusiboago bat egiteko urrats sendoagoak egin ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu