Tostak, Europako hizkuntza gitxituen bandeak diskoa kaleratu dau

Bizkaie! 2017-12-01 09:36   Musikea

Oreka TX-eko kideak eta Mixel Ducau dira euskal ordezkariak.

Europako kostalde atlantikoko hainbat hizkuntza gitxitutan, txalupako bankuari tosta esaten jako eta horixe bera erabili dabe banda barriari izena ipinteko, izan be, Eskozia, Galizia, Frisia, Irlanda, Gales, Kornualles eta Euskal Herriko hamar musikari eta abeslariz osotuta dago taldea eta danak hizkuntza gitxituetako hiztunak dira.

Guztiek dabe euren sustrai musikalak nahastau eta partekatzeko gosea eta, alkarregaz, forma barri bat emon nahi deutsie horri. Tosta Bandeak Europako hainbat kultura erakunde eta alkartegaz eginiko alkarlanaren fruitua da.

Euskal Herriko bazkideak Topagunea eta DSS2016 izan dira. Eskoziako Creative Scotland edota Ireland Arts Council, barriz, beste herrialdeetako bazkideetako batzuk dira.

Oreka TX-eko kideak dira euskal ordezkariak eta taldearen oinarria osotuten dabe. Mixel Ducau da bandearen musika zuzendaria eta Igor Otxoa, proiektuarena. Herrialde bakotxeko musikariak bertako bazkideen aholkularitzeagaz aukeratu zituen, gehienetan deialdi edegi baten bidez, taldea osotu arte.

Alkarlana Irlandako Dingle herrian eginiko egonaldi baten hasi zan. Musikariek bertan ezagutu eben alkar eta aldez aurretik aukeratutako kantuak danen artean lantzen ibili ziran. Beste sei herrialdetan emonaldi bana eskaini ondoren, prozesuaren emoitzea Donostiako Elkar estudioetan grabau eben, Mikel F. Krutzagaren eskutik.

Diskoari bandearen izen bera emon deutsie: Tosta, eta hamabi abestiz osotuta dago, guztira 47:15 minutu irauten dauen lana da. Taldea osotuten daben kultura eta hizkuntza gitxituen abesti tradizionalak abiapuntu moduan hartuta, honeen berrasmatzearen emoitzea da bildumea. Lurralde eta hizkuntza komunidade honeetako kantua izateaz gan, lana zabaltzen dauen Tosta abestiak hizkuntza gitxitu guzti honeek batzen ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu