Eduardo Arroyoren 21. mendeko begiradea, Arte Eder Museoan

Dabi Piedra 2017-11-30 12:40   Kulturea

Artista madrildarrak azken urteotan egindako obrak batu ditue erakusketa barrian.

Eduardo Arroyo, Bilbon jarritako erakusketan | Ikusi handiago | Argazki originala

Lotura estua dauka Eduardo Arroyok Bilboko Arte Eder Museoagaz. 1994an eskaini eutsien lehenengo erakusketa handia Bilbon, 1963tik 1993ra egindako lanaren atzera begirakoa hain zuzen. Orain, barriz, atzera barik aurrera begira jarri da museoa, izan be, Arroyoren sorkuntzarik barrienak batu ditue Le retour des croisades izeneko erakusketan. Frantziako Saint-Paul-de-Vence urian Marguerite et Aimé Maeght fundazinoak antolatutako erakusketearen jarraipena da, baina han ikusi ez ziran obra batzuk ekarri ditue Bilbora.

Orain dala aste bi zarratu eben Saint-Paul-de-Venceko erakusketea eta, beraz, Fabienne Di Rocco komisarioaren arabera, miraria da artelanak Bilbora garaiz heldu izana. Eduardo Arroyok berak be harrituta dagoala onartu dau, erakusketea ze bizkor antolatu dan ikusita: Orain dala lau edo bost hile nik ez nekian ezer eta orain hemen gagoz, erakusketa bikain honetan.

Kontuak kontu, 44 obra ikusi leitekez, Arroyorenak 43 eta Ignacio Zuloagarena bestea. 1910ean Zuloagak marraztutako Festako biktima koadroa inspirazino-iturria izan da Arroyorentzat eta haretan oinarrituta sortu eban Le retour des croisades, erakusketeari izena emoten deutsan koadroa. Hartara, artelan biak, Zuloagarena eta Arroyorena, aurrez aurre ikusi leitekez Bilbon. Nik ez dot Zuloagagaz lehiatu nahi, nire ikuspegitik interpretau nahi izan dot, azaldu dau pintore madrildarrak.

Pintura figuratiboa egiten dau Eduardo Arroyok gehienbat. Azken urteotan, ganera, bere pasino literarioa eta historikoa sarritan eroan dau koadroetara. Bilbon ikusi leitekezan obretan, esaterako, kulturearen munduko hainbat persona ezagun agiri dira, edo hareei erreferentzia egiten deutsie: Besteak beste, Dante eta Zirano, Delacroix, Balzac, Frida Kahlo, James Joyce eta Zuloaga bera.

Horrezaz gan, azken urteotan Arroyok egin dituan eskultura batzuk be jarri ditue. Arroyok bere burua pintoretzat dau, baina beste adierazpide askotan be sartu-urten ugari egin izan ditu; eskulturaz gan, literaturan be ibili da eta liburuak zein antzerki-obrak plazaratu ditu, zeramikea be lantzen dau... Ni pintorea naz, baina gauza asko egiten dituan pintorea, adierazo dau.

Fabienne Di Rocco komisarioak azpimarratu dau, Le retour des croisades ez dala atzera begirako erakusketea, Arroyoren lanaren errepasoa egiteko asmoa daukan arren. Aurrera begiratzen dau erakusketeak, artistearen 21. mendeko enfokea jaso dogu, azaldu dau. Izan be, Bilbon ikusgai dagozan lanetako asko 2014a eta 2016a bitartean eginak dira, eta ganerakoak be ez dira oso aspaldikoak. Miguel Zugaza museoko zuzendariak ganeratu dauenez, gaur egungo Eduardo Arroyo aurkezten dogu, azken urteotan egin dauen ahalegin artistikoaren emoitzea.

Erakusketea 2018ko apirilaren 9ra arte egongo da ikusgai, Bilboko Arte Eder Museoko BBK Aretoan.

2017/11/30 - 2018/04/09

Bilboko Arte Eder Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu