Mendizaletasuna oinarri dauen ipuin-bildumea ondu dau Aingeru Epaltzak

Bizkaie! 2017-11-29 09:45   Kulturea

Mendi-joak liburua Elkar argitaletxearen eskutik dator.

Aingeru Epaltza (Argazkia: Elkar argitaletxea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mendi giroko hamar ipuin idatzi ditu oraingoan Aingeru Epaltzak. Kontakizun honeek mendia eta mendizaletasuna dabe ardatz eta hori da Mendi-joak liburuaren ezaugarrietako bat, baina makilak, kranpoiak, pioletak, polainak, motxilak eta botak atrezzoa besterik ez dira. Dekoradu horren atzean, askotariko giza harremanak: bikote-bizitza gorabeheratsuak familia askotan ozpinduak, bildurrak, poz geroratuak, ilusino zapuztuak, baita ezusteko asetasun labur eta zorion-uneak be.

Epaltzak aurreratu dauenez, lehen aldian eta orainaldian kontautako ipuinak jaso ditu bilduman, lehen eta hirugarren personan kontautako istorioak, luzeagoak batzuk, laburragoak beste batzuk.

Protagonistei jagokenez, danetarik dagoala dino idazleak, gizonezkoak, emakumezkoak, umeren bat be agertzen da. Autortu dauenez, hasieran bildurrez ibili zan personaiak sortzerako orduan, bere antz handia hartuko ete eben pentsaurik, hau da, 60 urtetara heltzen dabilen gizon bat familia kontu jakin batzukaz, hainbat seme-alabaren aita, bikotekidea dauena eta abar. Arrisku horretaz jaubetuta bestelako personaiak sortzen hasi nintzan.

Istorio linealagoak be topauko ditu irakurleak, ildo kronologiko bati jarraitzen deutsienak eta beste batzuetan atzera aurreraka dabizan kontakizunak edo mosaiko eran kontauta, hainbat ikuspegitatik idatziak.

Aingeru Epaltza Iruñean jaio zan 1960. urtean. Kazetaritzea ikasi eta lanbide horretan ibili da, administrazinoko itzultzaile hasi zan arte. Horrezaz gan, baina, literatureari emon deutsoz bere onenak, bai nobelak sortuz (Ur uherrak, Tigre ehizan, Rock’n’Roll, Mailuaren odola, Izan bainintzen Nafarroako errege eta Gure Jerusalem galdua), bai ipuin-bildumak (Garretatik erauzitakoak eta Lasto sua), baita saiakerak eta umeentzako kontakizunak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu