Mendiaren eta abenturearen uriburu izango da Bilbo abenduaren 8tik 17ra

Dabi Piedra 2017-11-27 12:38   Zinemea

Hamargarren edizinora helduko da Mendi Film Festival.

Gasteizen orain dala hamar urte hasitako proiektua sendotzen eta finkatzen joan dan ezkero, sasoi betean heldu da Mendi Film Festival hamarkada bat betetera. Urterik urtera egitarau oparoagoa aurkezten dabe antolatzaileek eta aurtengo edizinoan be mendiaren, abenturearen eta naturearen inguruko film aitagarrienak Bilbon izango dira. Horrezaz gan, mendizaletasunaren historian zeresana emon daben gonbidatuak etorriko dira.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak nabarmendu dauenez, ondo errotuta dago Mendi Film Festival. Hamar urtean izan dauen hazkundea gogoratu dau: Hamaikatxu lan egin dabe, eta hamaikatxu oztopo gainditu, hamargarren honetara heltzeko. Aurtengo edizinoa aurkezteko ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria be egon da, Jon Redondo. Mendizaletasunaren baloreak zabaltzea da Mendi Film-en ekarpenik bereziena, Redondoren ustez. Gizakiak emon leikean onena mendian agertzen da sarri: Ahalegina, adiskidetasuna...

Jabi Baraiazarra jaialdiko zuzendariak be baloreen alde egiten daben apustua azpimarratu dau. Era berean, egitarauak dakarzan hitzorduak goi mailakoak dirala dino. Ganera, emakume ugari konbidau dituela azaldu dau, bai alpinismoan zein eskaladan lorpen handiak egindakoak, bai beste alor batzuetatik (literaturea, zinemagintzea...) ekarpena egin dabenak be. Catherine Destevielle, Lynn Hill, Edurne Pasaban, Josune Bereziartu eta abar aitatu ditu Baraiazarrak.

Anonimotasunetik mendizaletasuna indartu daben emakumeak be ez ditue ahaztu nahi izan. Horregaitik, Aurrera pelikulearen mundu mailako estreinaldia hartuko dau jaialdiak abenduaren 16an. Mikel Peña Sarrionandiaren film labur horretan, Irene Sarrionandia ondarrutarraren ibilbidea jorratzen da. 

Sail ofizialean, ostera, 51 lan ikusi ahal izango dira. Abenduaren 16an banatuko dira sariak: Pelikularik onena, zuzendaria, euskerazko lanak, gidoia, eskaladea, kirola eta abenturea, kulturea eta naturea, epaimahaiaren saria eta abar. Eguzkilorea emongo jako sail bakotxeko irabazleari eta epaimahaian Jesus Mari Lazkano, Paul Urkijo, Deb Smythe, Nancy Rosenthal eta Jack Tackle egongo dira.

Mendi Short atala be ez da ahaztu behar. Produkzino amateurrei zuzendutako sail horretara aurten aurkeztu diran lanen mailea azpimarratu dau Baraiazarrak: Harrituta geratu naz zenbat film jaso doguzan eta ze kalidade onekoak. Dagoeneko erabagita dago irabazlea, Alex Areizaga gipuzkoarraren Fandango film laburrak irabazi dau Mendi Short Eguzkilorea. Epaimahaian Fermin Aio, Joseba Urkiola eta Nerea Falagan egon dira.

Peter Habeler mendizale beteranoaren omenaldia izango da jaialdiaren beste une gogoangarri bat. Mendizaletasunaren baloreei eusteagaitik eta horreek transmitiduteagaitik emoten daben WOP saria jasoko dau austriarrak. Mikel Renteria WOP Fundazinoko ordezkariaren esanetan, ahaleginaren eta amesak beteteko burrukearen eredu da Habeler. Messner-en alboan bizi izandako abenturak alpinismoaren historian sartu dira, esaterako Everestera oxigeno barik igon eben lehenengoak izan ziran.

Zinemagintzea da Mendi Film Festivalen ardatza, baina bestelako jarduerarik be ez da faltauko: Berbaldiak, topaketak, erakusketak... Ganera, Alberto Zeraini eta Mariano Galvani omenaldia egingo deutsie, udan Nanga Parbat zortzimilakoa igoteko ahaleginean hil ziran eta.

Abenduaren 8an Euskalduna jauregian egingo dan ekitaldiagaz hasiko da Mendi Film Festival. Horren aurretik, baina, Bilboko hainbat txokotan erakusketak egongo dira ikusgai. CVCEphoto jardueran ateratako argazkiak Bilboko metroko hainbat geltokitan ipini ditue eta, jaialdia martxan dagoan artean, BBK Salan be ikusi ahal izango dira. Santiago Yañizen argazkiak, ostera, Rekalde Aretoan egongo dira, zemendiaren 28tik urtarrilaren 7ra. Ganera, Euskal Museoan Mendia, lirain zapietan erakusketea zabaldu eben orain dala egun batzuk.

Kontuak kontu, abenduaren 8tik 17ra bitartean, mendiak, abentureak eta natureak hartuko dabe Bilbo. Lorea Bilbaoren ustez, kirolaren baloreak eta jarduera kulturala buztartzeko aukera bikaina da jaialdia, mendiaren inguruko pasinoak kulturea be badakar, kiroletik harago doa mendizaletasuna.

Hilaren 23tik salgai dagoz proiekzino eta ekitaldi guztietarako sarrerak. Egitaraua, hemen.

X. Mendi Film Festivalerako egin daben bideoa hemen ikusi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu