'Mendia, lirain Zapietan-Foulard delle Montagne' erakusketea ikusgai Bilbon Euskal Museoan
2017-11-21 09:27 KultureaArtea eta mendiko kultureagaz dogun ezinbesteko hitzordu bat da erakusketa hau (hilaren 20tik urtarrilaren 28ra arte).
Mendia, lirain Zapietan-Foulard delle Montagne erakusketea Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco-n egongo da ikusgai, Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizinoko ekitaldi lez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Prentsaurrekoan izan dira: Lorea Bilbao, Euskera eta Kulturako Foru Diputadua, Museo della Montagnako Cristina Natta-Soleri, erakusketako komisarioa, Euskal Museoko Sorkunde Aiarza, koordinatzailea eta Mendi Film Festivaleko zuzendari Jabier Baraiazarra.
Fularrari buruzkoa da erakusketea; hirurogeita hamar pieza hautatu baino gehiago batzen ditu, Aldo Audisio, Laura Gallo eta Cristina Natta-Soleri komisarioek aukeratuta. Turingo Museomontagna-ren bildumatik datoz guztiak eta ia 200 alez osotuta dago aitatutako bilduma hori.
Eguneroko erabilera praktikorako sortu zan osogarri hori, eta munduko kultura guztietara zabaldu zan; XX. mendean, barriz, emakumeen unibersoaren sinbolo eta ikur bihurtu zan. Kultuzko benetako objektua aurreko mendean, egunerokotasunera eta edozeinek era dotorean erabilteko garai barriotan. Erakusketeak bidaia bat proponiduten deusku osogarri honen historian eta, aldi berean, ibilaldi bat mundu zabaleko mendiei loturiko iruditerian.
Antxinakoenak aurreko mendeko 1920ko eta 1930eko urteetakoak dira, baina badira mende honetako fularrak be. Moda munduko izen handien sormenak ederretsi daitekez erakusketan. Sortzaileen artean hor dira Chanel, Hermès, Prada, Givenchy, Gucci, Céline, Krizia, Burberrys, Ralph Lauren, Escada, Gabrielli, Daphné, AAllard e Bogner, eta beste hainbat; eta horreekaz batera, gaur egungo markak: Lola Paltinger, Milleneufcentquatrevingtquatre, Étoile de Marie, Casali 71 eta Charlotte Hudders, batzuk aitatzearren. Badira ale soilagoak be, oroigarri lez erabiliak, zeta baino balio gitxiagoko ehunakaz egindakoak.
Marco Ribettik koordinauta atondutako erakusketa honetan badira, oroitzapenezko fularrak, neguko olinpiar jokoei buruzkoak, besteak beste, 1952ko Osloko Olinpiar Jokoetarako egindakoa, edo 1968ko Grenobleko Olinpiar Jokoetarako eginiko seriea. Azken lan hau entzute handiko ilustratzaile eta margolariei enkargau jake, Constantin eta Pierre Ambrogianiri, besteak beste.
Turingo Museo Nazionale della Montagna eta Bilbao Mendi Film Festival Mendiko Zinemagintzearen Nazinarteko Alkargoko (International Alliance for Mountain Film) kideak dira. Harreman bikaina dabe alkarregaz, eta horri esker gauzatuko da erakusketa hau, bakarra dana, Bilbon, Mendifilmen 10. edizino seinalatuan: Mendia, lirain Zapietan Bilboko Euskal Museoan.
Hautatutako erakustokia bera be ezin aproposagoa da, Bilboko Euskal Museoa, uriaren bihotzean, jagokon distira eta autentikotasuna emonaz. Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilbao Mendi Film Festivala arduratu dira horretaz, eta aldi berean Euskal Museoak eta Museo Nazionale della Montagnak izan daben lanerako koordinazinoa mirestekoa izan da, muntaiaz arduratu diran teknikariek bikain egin dabe lana. Osogarri eta pizgarri guztiak aintzat hartuta, artea eta mendiko kultureagaz dogun ezinbesteko hitzordu bat da erakusketa hau. Hilaren 20tik 2018ko urtarrilaren 28ra arte egongo da zabalik erakusketea
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!