Nazinoarteko ikertzaile eta inprobizatzaileak be Txapelketa Nagusian
2017-11-24 09:34 BertsolaritzeaAbenduaren 17an izango da finala Barakaldoko BEC-en.
Ahozko kantu inprobisaduaren alorrean, ekitaldi bakana doguz Bertsolari Txapelketa Nagusia eta bere finala, eta ikusmina biztuten dau etxean eta baita kanpoan be. Hain zuzen, 2009ko Txapelketa Nagusian Missouriko Unibersidadetik John Foley, ahozkotasunaren ikerkuntzan erreferente, Barakaldon egon zan eta autortu ebanez, ez eban ezagutzen genero honetan lau urtetik behin txapelketea atondu eta holako jentetzea batzen dauen ekimenik. Horren ondorioz, Mintzola ahozko Lantegiak konbidauta, asko dira abenduaren 17an BECen izango diran nazinoarteko adituak: Kataluniako zein Mallorcako glosadoreak, Andaluziako trovadoreak, Sardiniako cantadoriak... izango dira finalean eta honeez gan, John Zemke Missouriko Unibersidadeko Center For Studies in Oral Traditioneko zuzendaria eta Jacqueline Urla ikertzaile estadubatuarra eta Antropologian aditua. Azken honek euskal identidadearen ganeko tesia egin eban doktoretzarako eta gerora be hainbat lan argitaratu ditu euskal kultureari loturik. Modu berean, Birmingham Unibersidadetik Karin Barber antropologoa etorriko da, herri kulturea eta ahozko adierazpideak bere interesgune dira. Aitatzekoa da bestalde, egun bertsolaritzea aztertzen dabizan hainbat ikertzaile izango dirala eurakaz, baita EHUko eta Mikel Laboa Katedrako ordezkariak be. Honez gan, atzerriko hainbat hedabide be izango dira Bertso Txapelketan.
Ariketa, egitura eta erritmo desbardinean egiten dabe kantuan munduko inprobisatzaileek, baina guztiak kitzikatzen ditu oholtzan bat-batean ibiltearen erronkeak, aurrean dagoanari beren komunidade edota barruak dituan kezka, eretxi eta aldarrikapenak lau haizetara plazaratzeak.
Mintzolak igaz aurkeztu eban, Xenpelar Dokumentazino Zentroaren eskutik, Kulturartea Mapea, munduko kantu inprobisaduak zerrendatu, deskribidu eta mapan kokatzen dituan datu basea da. Orain arte, 97 adierazpide jaso ditu, baina bertsozaleen eta munduko ikertzaileen eskutik eguneratzen dan proiektua da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!