Eibarren egingo dabe Beldur Barik topaketea, abenduaren 2an
2017-11-24 08:24 KultureaIndarkeria matxisteari aurre egiteko hitzordu horretan gazteak izango dira protagonista.
Euskal Autonomia Erkidegoko 12 eta 26 urte bitarteko neska-mutilak dira Beldur Barik programearen oinarria. Herririk herri eta eskualderik eskualde garatzen dabe egitasmoa eta ekitaldi ugari antolatzen ditue, batez be zemendiaren 25aren inguruan, hau da, indarkeria matxistearen kontrako egunaren bueltan. Baina aurten topaketa nagusia Eibarren egingo dabe, urte osoan egindako lana biribiltzeko jaia izango da abenduaren 2koa.
Eibarren bertan egindako ekitaldian aurkeztu dabe Beldur Barik topaketea; han izan da Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, erakunde hori dalako egitasmoaren bultzatzaile nagusia, Eudelegaz batera, 2009an sortu zanetik. Eibarko alkate Miguel de los Toyosek eta foru aldundietako ordezkariek be parte hartu dabe.
Abenduaren 2ko ekitaldian, Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketako irabazleei sariak emongo deutsiez. Edizino honetan, 62 udalerritako 371 lan aurkeztu ditue gazteek: 275 lehenengo kategoriakoak dira (12-17 urtekoek eginak) eta ganerako 96rak bigarren kategoriakoak (18-26 urte). Kategoria bakotxean lehen saria eta aitamen berezia banatuko ditue.
Horrezaz gan, beste sari bi be egongo dira: Webgunearen bidez egindako bozketearen irabazleari Herria Saria emongo deutsie eta ikus-entzunezko produkzino onena be aukeratuko dabe. Ez da ahaztu behar, ganera, herririk herriko hainbat lehiaketa be egon dirala Beldur barik kanpainearen barruan.
Aurkezpenean, erakundeetako ordezkariek azaldu dabenez, ikus-entzunezko lanetan ikusten da gazteek gero eta hobeto identifiketan dituela indarkeria sexistea eragin leikien desbardintasun faktoreak, eta horreei aurre egiteko jarrerea hartzen dabela.
Ikus-entzunezko lehiaketako sari banaketaz gan, beste jarduera asko egongo dira Eibarren: Eztabaidak, tailerrak eta ikuskizunak. Portalean izango dira horreek guztiak eta sari banaketea, ostera, Coliseoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!