Bilboko Udalak hiru literatura sari banatu ditu

Bizkaie! 2017-11-23 09:31   Kulturea

Miguel Unamuno Saria saiakeran, Blas de Otero poesian eta Gabriel Aresti ipuingintzan.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak urtero antolatzen dituan X. Blas de Otero Poesia Lehiaketeak, XVIII. Miguel de Unamuno Saiaketa Lehiaketeak eta XXXIV.  Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketeak badaukiez irabazleak. Sariak udaletxeko Arabiar Aretoan emon ditue eta bertan izan dira Juan Mari Aburto Alkatea, epaimahai bakotxeko kideetako batzuk eta saridunak.

Poesia lehiaketeari jagokonez, gaztelaniazko modalidadeko irabazlea Raquel Ramírez de Arellano idazle madrildarra da, La arquitectura de las colmenas poema-bildumeari esker. Euskerazko atalean, Zornotzako Rafael Ugalde Iragorri poeteak irabazi dau sari nagusia Hondar aleak lanagaz. Blas de Otero Poesia Lehiaketearen edizino honetan 510 lan aurkeztu dira, horreetatik 15 euskeraz. Asko etorri dira Europatik eta Latinoamerikatik eta, Bilboko Udalaren arabera, horrek erakusten dau guztiz sendotuta dagoala lehiaketa honen nazinoarteko izakerea. Irabazle bakotxak 5.500 euro jasoko ditu.

Beste alde batetik, Mario Martín Gijónek irabazi dau gaztelaniazko saiakerearen Miguel Unamuno saria, Un segundo destierro. La sombra de Unamuno en el exilio español izeneko lanari esker. Euskerazko kategorian, Asier Amezaga ikerlariak irabazi dau saria Inor ez delako profeta bere mendean, Gabriel Arestiren egunean testuagaz. Amezaga Soziologian doktorea da eta aditua da Gabriel Arestiren figuran. Bakotxak 6.000 euro jasoko ditu. Lehiaketearen edizino honetan 96 lan aurkeztu dira, 89 gaztelaniaz eta 7 euskeraz.

Amaitzeko, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketearen XXXIV. edizinoaren irabazlearen barri emon dau Udalak. Gaztelaniazko modalidadean, Antonio Tocornal Blanco idazleari emon deutsie sari nagusia, Cundi Macundi kontakizunagaitik. Euskerazko ipuinen atalean, Amaia Lekunberri Ansola kazetariak eta generoaren arloko adituak irabazi dau saria, Ezkontza ipuinari esker. Kasu honetan, epaimahaiak adierazo dau ipuin fresko eta ausarta dala, eta bere originaltasuna eta puntu bako paragrafoak idazteko zailtasuna txalotu ditu. Saria 3.500 eurokoa da, modalitate bakotxean.

Ganera, epaimahaiak 1.750na euroko lau akzesit emon deutsiez Héctor Prahim-i (Aflicción) eta Manuel Moya Escobar-i (Que amanecía) gaztelaniazko ipuinen kategorian; eta Aritz Gorrotxategi Mujikari (Burua leihoan jarrita) eta Nerea Arrien Elordiri (Matrioska) euskeraz.

Gabriel Aresti lehiaketearen edizino honetan 1.326 lan aurkeztu dira, 1.252 gaztelaniaz eta 74 euskaraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu