Entzuteko eta ikutzeko kantak dakarz Beirak disko barrian

Bizkaie! 2017-11-22 10:01   Musikea

Braillean da taldearen hirugarren lana.

Doinuz jantzi ditu Beira taldeak Jon Martin bertsolariaren berbak, entzun ez eze, ia ikutu be egin leitekezan melodiak sortuta. Musikearen atmosferea ondo lantzen ahalegindu da taldea, bai diskoan, baita zuzenean joko dituan kontzertuetan be. Horregaitik, Braillean izenburua ipini deutsie euren hirugarren diskoari. Hamaika abesti dakarz lan barriak, Jon Martinen bertso zein poemetan oinarrituak eta Igor Arruabarrenak musikatuak. Martinegaz eta Arruabarrenagaz batera, Urtzi Olaziregi, Gari Amundarain eta Mikel Arruabarrena dira beste hiru taldekideak.

Erritmo jantzagarri eta indartsuagoen alde egin dau Beirak oraingo honetan, lehenengo diskoko (Dena ez denean ezer) kantautore estiloa alboratuta. Hortaz, Margotu berria bigarren diskoan hasitako bidearen jarraipena da hirugarren hau. Edozelan be, betiko legez mimo handiz sortu ditu abestiak Jon Martinek. Gaur egun zeresana emoten daben gai ugari landu ditu, esate baterako, maitasun askea, umerik euki ezin daben bikoteak eta gizontasun eredua.

Neurriei jagokenez, bertsolaritzan ohikoak diran zortziko txikiak, koplak eta abar topauko ditu entzuleak. Era berean, beste tradizino batzuetako eragina be badago soneto, quintilla dezima eta abarretan. Hori gitxi ez, eta balada heavyak eta rap erako kantu bat dakarz Braillean-ek.

Braillean grabetako Irati Odriozolaren laguntzinoa izan dabe, koruak egiteaz arduratu da. Ganera, beste kolaboratzaile askok be parte hartu dabe: Morok, Aneguriak, Xendarineko Ahiztek, Laineko Leirek eta Krisek, Iñigo Asensiok eta abarrek. Diskoan agiri diran argazkiak Marta Ortizek atera ditu. 

Zuzeneko kontzertuetan disko barriko abestiak eta aurreko bietako batzuk tartekatuko ditue. Emonaldi batzuetan Goren Alkiza artista grafikoak bideo-proiekzinoak inprobisauko ditu, Beirakoak joten dagozan bitartean. Hilaren 25ean izango da lehenengo zuzenekoa, Oiartzungo Pagoa aretoan; 30ean, Gasteizen joko dabe eta Elizondon abenduaren 10ean. Ganera, Durangoko Azokako Ahotsenean be izango dira 6an, eguerdiko 13:40an.

Braillean diskoko ZEN abestiaren bideoklipa ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu