Bizkaiko garraiobideen historia liburu baten batu dabe
2017-11-22 08:35 KultureaDiligentziatik Bizkaibusera: Bizkaiko autobus bidezko garraio publikoaren historia Miguel Martín Zubimendik idatzi dau.
Ehun urte baino gehiagoko historian, asko aldatu dira Bizkaiko leku batetik bestera joateko moduak. Bidaiarien errepide bidezko garraio publikoa, esaterako, gehienbat Bizkaibusen bidez egiten da gaur egun, baina ez da beti holan izan. Hasikerako diligentzia eta autobus zaharretatik hasi eta gaur egungo zerbitzu modernora arte, errepaso afektiboa egin dau Miguel Martín Zubimendik. Argazkien, marrazkien eta testuen bidez, irakurleek erraz ulertuko dabe zelan aldatu diran garraiobideak azken hamarkadetan.
Bizkaiko Foru Aldundiak erakusketea antolatu eban 2017ko neguan eta udabarrian, errepide bidezko garraiobideen inguruko hainbat argazki eta objektugaz. Erakusketa haretan oinarritu dira orain liburua atontzeko. Zubimendi egilea ez eze, Vicente Reyes Foru Aldundiko Garraio diputadua be egon da aurkezpenean.
Liburuak ibilbide kronologikoa egiten dau, 19. mendearen amaieran hasi eta gaur egunera arte. Modu antolatu eta didaktikoan kontetan dira lehenengo motordun ibilgailuak agertu ziranetik Bizkaiko gizartean izandako eraldaketen mugarri eta pasadizo garrantzitsuenak. Ganera, antxinako argazkiak sartu ditue, horreetako asko orain arte argitaratu bakoak, baita txartel zaharren irudiak eta aldi bakotxeko kartel ikusgarriak be.
Liburuari esker hobeto ulertu ahal izango dogu bidaiarien garraioak bizkaitarren bizitzan izan dauen garrantzia, eta horrek oraintxe bertan dauen sendotasuna baloretan lagunduko deusku, bai eta etorkizunerako jagon eta bultzatu beharra ulertzen be, adierazo dau Vicente Reyesek. Miguel Martín Zurimendik, bestetik, azaldu dau liburua zale askoren eta garraio-konpainia eta sistemako operadore nagusien laguntzinoari esker egin ahal izan dauela.
Reyesek gogoratu dau datorren urtean Bizkaibusen 30. urteurrena izango dala; Bizkaibus, gaur egun, ezinbesteko zerbitzua da edonorentzat, eta zerbitzuak egunero-egunero dauka gero eta handiagoa dan mobikortasun-eskariari erantzun ahal izateko erronkea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!