Indarkeria matxistearen kontrako kanpainea ipini dau abian Foru Aldundiak
2017-11-21 13:30 KultureaEmakumeen indarra eta askatasuna nabarmendu eta Maitatu ondo komikia berrargitaratu dabe.
Zemendiaren 25ean, indarkeria matxistearen kontrako eguna dala eta, kanpainea martxan ipini dau Bizkaiko Foru Aldundiak. Unai Rementeria Ahaldun Nagusia eta Teresa Laespada Bardintasun diputadua egon dira aurkezpenean, Bilboko metroaren Abando geltokian, izan be, geltoki horretako korridoreetan kanpaineagaz lotutako material grafikoa ipini dabe.
Hiru ardatz edo idea nagusi izango ditu kanpaineak: Batetik, Ez maitatu gehiago, maitatu hobeto. Bestetik, Ez naiz zurea, nirea baino. Azkenik, Emakumezko handi baten atzean, emakumezko handi bat dago; kontzeptu horreen bidez, andrazkoen indarra eta askatasuna nabarmendu nahi ditue, gizonezkoen menpean egon barik, bizimodua aukeratzeko eta gaitasunak garatzeko emakumeen eskubidea azpimarratzen dabe mezuek.
Hiru esaldi horreek oinarri hartuta, hainbat formatutan sormenezko lan grafikoak egin ditue hiru marrazkilarik. Leku ugaritan ikusi ahal izango dira, aitatutako Abandoko geltokian adibidez.
Ganera, Maitatu ondo komikia barriro argitaratzeko laguntzinoa emon dau Foru Aldundiak. Rosalind B. Penfold kanadarrak egindako lana da hori. Bikotekide ohiak emondako tratu txarren barri zabaltzeko sortu eban, tratu txarren arazoa gizarteratzeko asmoz. Agortuta egon da komikia eta horregaitik berrargitalpen honen alde egin dau Aldundiak.
Horrezaz gan, emakumeen kontrako eraso eta hilketen errealidade lazgarria erakusteko, mapa interaktiboa atontzen dabil Foru Aldundia. Bertan batuko ditu, modu grafikoan, azken urteotan Bizkaian jazotako eraso matxista larrienak eta horreen ganeko informazinoa. BFAk bere webgunean ipiniko dauen tresna hori herritar guztien eskura egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!