Zinegoak-ek zinema zikloa atondu dau hilaren 28 eta 29rako
2017-11-21 12:15 Kulturea120 battements par minute eta Strike a Pose filmak proiektauko ditue.
Hiesaren Kontrako Munduko Egunaren harira atondu dau Zinegoak-ek VIHsible Zinema Zikloa. Holan, zemendiaren 28an, 120 battements par minute filma eskainiko dabe eta 29an, barriz, Strike a Pose. Pelikula biak doban ikusteko aukerea egongo da, Bilborock aretoan, arrastiko 19:00etan.
Emonaldi bi honeek 365ZG egitarauaren barruan sartu ditue. Zinegoak jaialdiak urte osorako proponiduten dauen jarduerea da honakoa, zinemea eta kulturearen bitartez sexu, identidade eta genero aniztasuna aldarrikatzen daben data eta ekintza bereziei babesa emoteko asmoz.
Zinegoak-etik adierazo dabenez, LGTB zinema eta arte eszenikoen jaialdia dagoeneko ez da zezeilean soilik egiten dan jarduera bat, izan be, hemendik aurrera urte osorako programazinoa eskainiko dau. Aurretik, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, Chavela dokumentala emon eben, The death and life of Marsha P. Johnson filma bagilaren 28aren harira, eta orain, Hiesaren Kontrako Munduko Egunagaz lotuko dabe hurrengo zinema proposamena. Kasu honetan ez da emonaldi bakar bat izango, GIBagaz loturiko kontuak jorratzen dituen film sorta bat baino.
Aurreko urteetan abenduaren 1ari loturiko emonaldiak atondu izan ditue, baina aurten zinema ziklo baten batu nahi izan ditue, eta holan egiten jarraitzeko asmoa dabe. Hiru urte daroaguz GIBaren esparruko beste alkarte batzukaz alkarlanean abenduaren 1a dala eta. Gure asmoa babesa eta ikusgarritasuna emotea da jaialdiak jorratutako esparruetatik abiatuz, hau da, kulturatik eta zinematik.
Jaialdiko zuzendari Pau Guillenek dinoanez, aurreko edizinoetan, jardunaldi edo berbaldien barruan sartu doguz emonaldiak, baina orain ziklo berezi bat sortzea erabagi dogu, kalidadezko zinemea eskaintzeko asmoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!