240 erakusmahai eta 400 nobedade dakarz 52. Durangoko Azokeak

Bizkaie! 2017-11-21 11:51   Kulturea

Argizaiola Saria beka bihurtuko dabe, sorkuntzea bultzatzeko.

Durangon egindako aurkezpena (argazkia: Durangoko Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurkezpen jentetsua antolatu dabe Durangon Gerediaga alkarteko ordezkariek, 52. Durangoko Azokeak dakarren guztia azaltzeko asmoz. Ekitaldian izan da Nerea Mujika Gerediagako eta Azokako arduraduna, baita guneetako ordezkariak be. Abenduaren 6tik 10era, beste behin kulturearen eta sormenaren plaza bihurtuko ditue Landako gunea eta Durango osoa. Liburu eta diskorik barrienakaz batera, aurkezpenak, berbaldiak, topaketak eta abar egongo dira bisitarien eskura.

Sormena bultzatzen dabizan euskal argitaletxe, diskoetxe eta eragileei eskerrak emon deutsez Nerea Mujikak, emoteko asko daukielako. Urte osoko lanaren emoitzea erakutsiko dabe Durangoko Azokan. Aurtengo edizinoan, 240 erakusmahai ipiniko ditue Landakon eta, ganera, autoprodukzinoaren txokoa be egongo da, aurreko hiru urteetan legez; bertan, euren lanak autoprodukzinoaren bidez plazaratu dituen 16 autorek parte hartuko dabe.

Argitaletxe eta diskoetxeek, batez be publiko euskalduna gogoan dabenek, abendura begira lan egiten dabe, Durangoko Azokea dala eta. Horregaitik, nobedadez beteta dator aurtengo edizinoa. Mujikak emondako datuaren arabera, 400 nobedade egongo dira erakusmahaietan: 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, bost bideo eta bestelako 27 produktu.

Horreek nobedadeak ez dira erakusmahaietan bakarrik egongo, izan be, Ahotsenea guneak sortzaileei euren lan barriak erakusteko gunea eskainiko deutse. 2017an argitaratutako diskoetako kantuak aurkeztuko ditue musikariek, eta idazleek euren liburu barrien ganean berba egingo dabe. Lutxo Egia Ahotseneko arduradunak azaldu dauenez, 123 aurkezpen egongo dira, zuzenekoen karpan 70 eta barriketaldien gunean beste 53. Plateruena Kafe Antzokian be, disko barria aurkeztu daben taldeen emonaldiak egongo dira gauero.

Arte eszenikoek, ostera, Szenatokia gunean izango dabe lekua. Bertako arduradun Itziar Eliasek azpimarratu dauenez, indartsu hasiko dabe azokea, Lauaxeta eta Lorcaren inguruko Ele taularatuta. Antzerki maratoian , ostera, mikroantzerkiei eta pieza laburrei lehentasuna emongo deutsie.

Saguganbaran, bestetik, umeei zuzendutako programazino oparoa egongo da eta, besteak beste, Eider Eibar, Antton Kazabon, Jokin Mitxelena, Arrate Egaña, Pello Añorga, Leire Bilbao, Maite Mutuberria, Marimar Agirre eta Amaia Hennebutte konbidauko ditue.

Ikus-entzunezkoen atala Irudienea izango da eta bertako arduradun Johana Olabarriak aitatu dauenez, altxor historikoak erakusten ahaleginduko dira. Gogoetearen Plazan, aldiz, politikea, gizartea eta abar aztertuko ditue hainbat adituk.

Azokako guneetako egitaraua, hemen.

Beste alde batetik, Argizaiola Sariaren nondik norakoak aldatuko ditu Gerediaga alkarteak. 1992tik emoten da sari hori, euskal kulturearen alde lan egin daben personen eta erakundeen lana txalotzeko. Egindakoa saritzetik egitea bultzatzera pasauko dira aurrerantzean. Modu horretara, Argizaiola beka bihurtuko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu