Gaur egungo nobelagintzea aztergai izango dabe Iban Zalduak eta Elvira Navarrok

Bizkaie! 2017-11-21 10:24   Kulturea

Eztabaidak Literatureagaz zikloaren barruko saioa dago gaur, martitzena, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian.

Iban Zaldua eta Elvira Navarro idazleak konbidau ditue zikloaren gaurko hitzordura eta gai sakona ipini deutsie: Gaur egungo nobelagintzearen egoerea. Krisian dagoan generoa ete dan aztertuko dabe Zalduak eta Navarrok, Alicia San Juan kazetariak gidatuko dauen saioan. Beste gai batzuk be jorratuko ditue, esaterako, elebarrien erabilgarritasuna, generoen arteko mugak eta irakurleen gustuak.

Iban Zaldua donostiarra, idazlea ez eze, EHUko irakaslea be bada. Fikzinozko hainbat lan plazaratu ditu, tartean nobelak, narrazinoak eta komikiak. Horrezaz gan, saiakerea sarri landu dau, eta bere eretxia emon euskal literatureagaz lotutako gai ugariren inguruan. Euskadi Saria bi bidar irabazi dau.

Elvira Navarro, ostera, andaluziarra da. Liburu ugari plazaratu ditu gaztelaniaz eta hainbat hizkuntzatara itzuli deutsiez. Espainiako idazle gazte esanguratsuenen zerrendetan sartu izan dabe. Hedabideetan kolaboratzaile eta blogari be ibilten da.

Eztabaidak Literatureagaz 2007tik dago martxan, literaturearen alorreko protagonistei ahotsa emoteko asmoz eta honeen ikuspegia publikoari hurreratzeko. Ganera, literaturearen eta beste gai batzuen arteko hartu-emonak be aztertzen ditue. Hamar urteko ibilbidean, euskerazko zein gaztelaniazko 300 autore inguru etorri dira Bilbora.

Zalduaren eta Navarroren arteko solasalditxua gaur, martitzena, izango da, iluntzeko 19:30ean hasita, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan. Sartzea libre da, leku guztiak bete arte. Joan ezin dabenek streaming bidez ikusi eta entzun ahal izango dabe saioa, liburutegiaren webgunean horretarako atondutako gunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu