Musika Bulegoa Sarien barri emon dabe

Bizkaie! 2017-11-21 08:15   Musikea

Ruper Ordorika eta Berri Txarrak dagoz sarituen artean.

Musika Bulegoko Myriam Miranda, sarituen barri emoten (argazkia: Musika Bulegoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Musika Bulego Alkarteak antolatutako lehiaketa honen bigarren edizinora aurkeztutako 67 proiektuen artean nabarmenenak aukeratu ditu epaimahaiak. Hainbat proiekturi emon deutsiez Musika Bulegoa Sariak: Zuhainpeko Soinua-Ahozko Transmisioa ikuskizunari, Ramon Lazkanoren Festival d'Automne à Paris-Portrait zuzeneko lanari, Elena Setienen Dreaming of Earthly Things diskoari, Juan Ortizen Winter Tales diskoari eta Ruper Ordorikaren Guria Ostatua lanari.

Era berean, Etxepare Euskal Institutuak emoten dauen musika saria Berri Txarrak taldeak irabazi dau. Nazinoartean oihartzuna lortu dauen proiektuari emoten deutsie hori. Amaitzeko, Sari Berezia Jazzargia alkarteak eroan dau, Jazz uhinak hirian barrena proiektuagaitik.

Honeek egon dira epaimahaian: Jon Bagues, Aintzane Camara, Edurne Ormazabal, Yahve de la Cavada, Ixiar Uria, Kristiñe Solano, Suso Saiz eta Jose Miguel Lopez.

Erespide ugari erabili ditu epaimahaiak sarituak erabagiteko. Batetik, proiektuak sortzeko prozesuari begiratu deutso: Ikerlana, konposizinoa, grabazinoa eta abar. Bestetik, egitasmo barritzaileak eta indartsuak bilatu ditue, originaltasuna eta esperimentazinoa be aintzat hartuta.

Musika Bulegoa alkarteko presidente Myriam Mirandak eta Etxepare Institutuko zuzendari Miren Arzalluzek emon dabe sarituen barri. Hilaren 29an, Donostiako Musikeneren egoitzan egingo dan ekitaldian banatuko ditue sariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu