Bideo-joko independenteen jaialdia Bilbon, hilaren 29an hasita
2017-11-20 10:16 KultureaAzkuna Zentroak hartuko dau AZ Play-ren zortzigarren edizinoa.
Gero eta garrantzi handiagoa dauka bideo-jokoen sektoreak, ekonomian zein kulturan. Mundu horretako azken nobedadeak ezagutzeko asmoz sortu eben AZ Play topaketea eta, zortzigarren edizinoa beteko dauen honetan, ondo finkatutako hitzordua dala esan leiteke. Aurtengo edizinoa zemendiaren 29tik abenduaren 3ra egingo dabe betiko egoitzan, Azkuna Zentroan. Nazinoarteko lehiaketa honetan, batez be, bideo-joko independenteak hartuko ditue kontuan.
Bertoko sortzaile independenteak gero eta gehiago dira eta, AZ Playren bidez, nazinoarteko merkadurako ateak zabaltzen deutsiez. Gero eta indar handiagoa hartzen dabil bideo-jokoen sektorea Euskal Herrian, artean zein teknologian barritasunak bultzatzen dituen sortzaileei esker.
Atzerrian garatutako bideo-joko independente asko ikusteko erea be emongo dau AZ Play VIII. Lehiaketeak. Antolatzaileen esanetan, sekula egindako edizinorik nazinoartekoena izango da honako hau. Danetara, 63 herrialdetatik ekarritako 432 joko aurkeztu dira. Sail ofizialean, 25 finalistek hogeina minutuko tartea izango dabe euren lana aurkezteko, publikoaren eta epaileen aurrean.
Lehiaketea da, hain zuzen be, AZ Playren ardatza, horren inguruan eregi dabe egitarau osoa. Esate baterako, erakusketa gunea ipiniko dabe Azkuna Zentroko Mediatekan; bertan, publikoak lehiakide finalisten bideo-jokoak ezagutu ahal izango ditu eta jaialdiaren aurretik atondutako joko batzuk be ikusgai egongo dira. Berbaldien atalean, nazinoarteko adituek parte hartuko dabe.
Bestetik, AZ Playk hitzarmena sinatu dau Europa iparraldeko Nordic Game jaialdiagaz eta horri esker, 2018an egingo dan Nordic Game entzutetsuaren parte izango da Bilbo. Finala Suediako Malmö urian jokatuko da, baina AZ Playko parte-hartzailerik onenek han egoteko modua izango dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!