Finalera begira jarri da Sustrai Colina

Bizkaie! 2017-11-20 08:10   Bertsolaritzea

Amurrioko finalaurrekoa irabazi dau lapurtarrak.

Ia segurtasun osoz esan leiteke Sustrai Colina BECeko oholtza ganean izango dala abenduaren 17ko finalean, atzo egindako lan onari esker. Sendo eta bizi kantau eban, eta, 701 puntu batuta, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehenengo saioa irabazi eban urruñarrak. Beñat Gaztelumendik ezin izan eban lehenengo itzuliko garaipena errepetidu, baina 694,5 puntugaz bigarren postuan geratu zan ezkero, eskura dauka finala añorgarrak be.

Hirugarren lekuan Jon Maia geratu zan, honek be saio txukuna egin eban, baina goia jotea faltau izan jakon. Horregaitik, epaileek emondako 681,5 puntuak seguruenez ez dira nahikoak izango finalera sailkatzeko, lehenengo itzulian zumaiarra onenakandik urrun ibili zala kontuan hartuta. Nerea Ibarzabal be (675,5) ez da BECen egongo, baina oso saio polita egin eban. Jon Martinek 668,5 puntu batu zituan eta Etxahun Lekuek, 615.

Harmailetan giro hotza egon arren, saio polita entzun eben Amurrioko kiroldegian batutako 1.325 lagunek. Zortziko handian, esaterako, Jon Maia indartsu hasi zan, gazte garaiko iraultzak ikuspegi konserbadoretik ikusten dituanaren ahotik. Zortziko txikian, barre eta ezusteko gehien Gaztelumendiren eta Colinaren arteko ofizioak ekarri eban. Aireportuko metal detektagailua pasau ezinda ebilen Gaztelumendi, eta Colina segurtasun arduradunagaz tirabira ugari izan zituan.

Hamarreko txikian be, Sustrai Colina fin ibili zan, Ibarzabalegaz batera, Prestige itsasontzia hondoratu dala 15 urte bete dirala gogoratzen. Kartzelan, hauxe gaia: Usaina sumatu, eta urduri jarri zara. Hilekoa lehenengoz euki dauen 12 urteko neskatoaren azaletik kantau eban Ibarzabalek, dotore. Aita alkoholzalea daukan umearen ahotik, ostera, gogoetarako bidea zabaldu eban Gaztelumendik.

Hurrengo finalaurrekoa Donibane Lohizunen jokatuko da, zapatuan. Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio egongo dira oholtzan.

Saio biren faltan, sailkapena zelan dagoan ikusteko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu