'Gorraizea' diskoa kaleratu dau Xabier Montoiak
2017-11-16 10:37 MusikeaHamar kantuk osotuten dabe Gaztelupeko Hotsak diskoetxeagaz plazaratutako lana.
Orain dala sei urte Montoiaren mundu miresgarria diskoagaz ekin eutson bideari eutsi eta Gorraizea diskoa kaleratu dau musikari gasteiztarrak. Txeloari emon eutson aurreko diskoan protagonismo osoa eta, orain, barriz, pianoa eta hari laukoteaz osotu ditu kantuak.
Diskoaren aurkezpenean azaldu dauenez, formatu estandarra izan da berea beti, hau da, baxua, gitarrea eta bateria, baina orain dala sei urte, norabidez aldatzea erabagi eban, autortu dauenez, itoten egoalako eta arnasea hartzeko beharra sentidu ebalako.
Montoiak sei urte emon ditu diskoko hamar kantuak ontzen. Beasaingo Pottoko estudioetan grabau dau lana, alboan hainbat musikari izan dituala: Itziar Lertxundi txelo jotzailea eta abeslaria, Monika Peino biola jotzailea, Leire Pikabea biolin jotzailea, Ibon Rodriguez pianistea eta Xabier Zeberio gitarristea.
Gasteiztarraren kantuetako osogai nagusiak, hasieretako arrakala haretatik abiatzen badira be: amorrua eta apurkortasuna, Montoia kantagintza eremu propio batera heldu da eta disko hau da horren erakusgarri. Berbei jagokenez, oroimena, maitasuna eta adiskidetasuna dira gaietako batzuk.
Xabier Montoia punk artista bat izan da, arimearen bila urteak, hamarkadak, emon dituana. Horregaitik, hain zuzen be, Euskal Herrian, soul estilora gehien hurreratu dana izan da.
Diskoaz gan, Montoiak Hitzontziak elebarria be argitaratuko dau laster.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!