Peruko artistak konbidau ditue FIG Bilbao-ra
2017-11-15 10:54 KultureaEuskalduna Jauregian egingo dabe grabaduaren eta papel ganeko artearen azokea, hilaren 16an hasita.
Artistak eta galeriak alkartuko ditu FIG Bilbao azokearen 6. edizinoak, arte plastikoen barruko disziplina baten inguruan: Grabadua eta papel ganeko artea izango da, urtero legez, ekimenaren ardatza. Jarduera osogarri ugari be badagozan arren, azokearen topaleku nagusia zemendiaren 16tik 19ra bitartekoa izango da, Euskalduna Jauregian.
FIG Bilbaoko presidente Iñaki Alonsok aurkeztu dau aurtego egitaraua, erakunde publikoetako arduradunak alboan dituala: Bizkaiko Foru Aldundiko Lorea Bilbao eta Bilboko Udaleko Xabier Otxandiano. Azaldu dabenez, 50 galeria eta 400 artista batuko dira Euskaldunan; sortzaile gazteak zein ibilbide luzekoak egongo dirala nabarmendu dabe antolatzaileek.
Aurten, herralde konbidadua Peru izango da. Hartara, Hego Amerikako herrialde haretako artistek ze bide barri jorratzen dabizan azalduko dabe. Universidad Pontificia Católican dabizan sei artista etorriko dira Perutik Bilbora eta EHUko bertoko lau artista izango ditue alboan.
Jarduera osogarrien atalean, aitatzekoa da Esther Ferrer artista donostiarrak Pilar Zubiaurre Mahaian parte hartuko dauela, aditu ugarigaz batera. Emakumeek artean egindako ekarpenaren balioa agirian ixtea da topaketearen helburua. Bisitaldiak, tailerrak, umeentzako ekintzak eta abar be hartuko ditu FIGek.
Azokeak dakarren onurea, kulturala ez eze, soziala eta ekonomikoa be badala azpimarratu dau Lorea Bilbaok: Jarduera soziala eta kulturala buztartuta dator FIG, eta hori inportantea da uriaren garapen sozio-ekonomikorako. Artean adituak diranek, zaletuek zein jakinmin hutsez hurreratzen diran bisitariek eskaintza zabala izango dabela dinoe antolatzaileek, artisten eta galerien lana bertatik bertara ikusteko aukerea egongo dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!