Ikasleek eratutako musika taldeen zirkuitua antolatu dabe Bilbon
2017-11-14 13:36 MusikeaZemendiaren 15etik 18ra, dobako kontzertu ugari dakarz Uni Sound Bilbao ekimenak.
Unibersidadeko ikasleen banden txandea izango da hurrengo egunetan Bilboko hainbat agertokitan. Lehenengo aldiz, Uni Sound Bilbao izeneko zirkuitua antolatu dau Bilboko Udalak, ikasleek eratutako taldeei jentaurrean joteko aukerea emoteko. Estilo ugaritako bandak zein bakarlariak dagoz egitarauan, gehienak Bizkaikoak, baina urrunagotik etorritako batzuk be tartean dirala.
Udalaren asmoa da Bilbo unibersidade-uri izatearen aldeko apustua indartzea, gazteak erakarriz eta horregaz batera jarduera ekonomikoa sustatuz eta espiritu urbanorik erakargarriena, sortzaileena eta kosmopolitena biztuz. Holan adierazo dabe goizean egindako aurkezpenean; Oihane Agirregoitia zinegotziak, EHUko Bizkaiko Campuseko Unibersidade Zabalkuntzako zuzendari Nerea San Martínek eta Deustuko Unibersidadeko Pello Azpitartek aurkeztu dabe Uni Sound Bilbao.
Zemendiaren 15etik 18ra bitartean izango dira emonaldiak, doban. Kontzertuak hartzen dituen lokaletan (Bilborock, Satélite-T, Shake, Badulake eta Dock) ez eze, unibersidadeen espazioetan (Deustuko Entzungelan eta EHUren Bizkaia Aretoan), Arte Berreginen Museoan eta Euskotrenen Zazpikaleetako geltokiko atarian be izango dira kontzertuak.
Estiloei jagokenez, danetarikoa dago: Funka, elektronikoa, trapa, indie, rocka...
Beste alde batetik, banda edo bakarlari bik joko dabe arratsaldeko saioetako bakotxean eta beste bik gaueko saioetan. Ganera, bariku eta zapatu gaueko emonaldietan, DJ-ak ibiliko dira musikea jarten.
Uni Sound Bilbao ekimenaren abiapuntua Ideiak Martxan deialdia da; horren helburua gazteakaz topaguneak sortzea da, udal programazinoan parte hartu deien. Proposamenak banaka edo taldeka aurkeztu leikiez 14 eta 35 urte bitarteko bilbotarrek, eta proposamen horreetako baten oinarrituta sortu dabe unibersidadeko taldeen topaketa hau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!