'Artxipielagoa' ikuskizunak geldialdia egingo dau Bilbon

Bizkaie! 2017-11-14 11:53   Kulturea

Narrazinoa, bertsolaritzea, musikea, abestia eta proiekzinoak buztartzen ditu obreak.

Andoni Egaña, Ainhoa Garmendia, German Ormazabal, Josu Reparaz eta Garikoitz Mendizabal (Argazkia: navarra.es) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko kultura arloko hainbat artistak euren ames eta diziplinak batzea erabagi dabe ikuskizun honi formea emoteko, berbak, doinuak, irudiak eta musikea alkarregaz buztartuz.

Bakotxa bere ugartetik dator, artxipielago bakarra osotuteko, izan be, Artxipielagoa proposamen berezia da, narrazinoa, abestiak, bertsolaritzea, musikea eta bideo-proiekzinoak alkartuta sortu dabena.

Orain, besteak beste, Iruñea edo Tolosako oholtzetatik igaro ostean, Bilboko Arriaga Anzokira egingo dau saltoa ikuskizunak, hilaren 19an, domekan, arrastiko 19:00etan.

Andoni Egaña bertsolariaren gogoetak izango dira gida saioan eta beragaz bat egingo dabe Ainhoa Garmendia sopranoak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, Pello Ramirez txelo eta soinujoleak eta German Ormazabal piano joleak oholtza ganean. Ganera, Belen Ibarrolaren irudiek jantziko dabe ikuskizuna. Sortzaile honeek danak askotan ibili dira alkarren inguruan, baina obra honek batu ditu, lehenengoz, taula baten ganean. Bakotxaren energia, esperientzia eta ezagutzea gehitu eta, ugartez ugarte, Artxipielagoa osotu dabe.

Ikusleen partaidetzea ezinbestekoa da ikuskizunean. Atzoko eta gaurko euskal abesti klasiko eta modernoak buztartuko ditue saioan eta publikoaren parte-hartzeagaz batera, aretoa herri abesbatza bihurtzea da asmoa. Ikutu klasikoa izango dau egitarauaren lehen atalak, Jose Mari Iparraguirre, Gabriel de Olaizola edota Jesus Guridiren moduko konpositoreen doinuakaz. Bigarren atalean, barriz, abesti barriagoak joko ditue: Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Ken Zazpi, Itoiz… Izan be, euskal kantutegia zabaltzen laguntzea eta abesteko zaletasuna sustatzea dira emonaldiaren helburu nagusiak.

Kontuak kontu, sarrerak salgai dagoz Arriaga antzokiaren webgunean, 946 850 850 telefonora deituta eta txarteldegietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu