Alien Tango, Hex eta Skygaze, 29. Bilbo Uria Pop Rock Lehiaketako irabazleak
2017-11-14 08:20 MusikeaBilborock aretoan izan dira finalak, asteburuan.
Barikutik zapatura, gauero final bat jokatu da Bilborock aretoan, 29. Bilbo Uria Pop Rock Lehiaketearen barruan. Epaimahaiaren eta entzuleen eretxia kontuan hartuta erabagi ditue irabazleak: Murtziako Alien Tango pop-rock kategorian, Bizkaiko Hex metal atalean eta Asturiaseko Skygaze jokera barrien arloan. Gazteek osotutako musika taldeei bultzadea emoteko antolatzen dau lehiaketea, urtero, Bilboko Udalak.
Pop-rock atalean bigarren eta hirugarren geratu dira Los Estanques eta Los Bengala, hurranez hurran. Metalean, Pandemia eta Valkyria sartu dira podiumean. Bestetik, Mamagigi's talde bizkaitarrak epaimahaiaren sari berezia irabazi dau.
Sari nagusiez gan, babesleek eta beste erakunde batzuek bultzatutako ondoko sariak be emon ditue: Esate baterako, Bilbo eta Bizkaiko talderik onenaren Bilbo Uria saria (Hex taldeari), Bilborock saria (Raidy Aim Fire-k irabazi dau), Shake saria (Los Estanques) eta beste asko.
Hex talde bizkaitarrak izandako keinu solidarioa be aitatzekoa da, izan be, Metal arloko sari nagusia irabazteagaitik eskuratutako 5.000 euroak La Cuadri del Hospi alkarteari emon deutsiez, Gurutzetako ospitaleko onkologia ataleko umeei laguntzen segidu ahal izan daian.
Bilbo Uria Lehiaketearen 29. edizino honetan, 486 taldek parte hartu dabe, asko Bizkaikoak eta ingurukoak, baina urrunagotik be heldu dira batzuk, Andaluzia, Frantzia eta Kataluniatik adibidez. Gehienak, 344, pop-rock atalean lehiatu dira, 94 metalean eta 48 beste jokera batzuetan. Antolatzaileek aurtengo edizinoko parte-hartzaileen kalidadea txalotu dabe.
Sariak
Talde irabazleek hurrengo sariak jaso ditue:
- Pop-Rocka eta Metala: 5.000 €, 2.500 € eta 1.200 €.
- Elektronikoa eta beste joera batzuk: 2.200 €
- Epaimahaiaren sari berezia: 1.100 euro.
Ganera, babesleek emondako sariak be banatu ditue: zuzeneko emonaldiak eta euren musikearen zabalkundea. Aitatutakoez gan, beste 14 sari ere emon ditue parte hartu daben taldeen artean. Hona hemen:
- Bilbao Uria saria Bilboko edo Bizkaiko talderik onenarentzat: Hex (Bizkaia).
- Aste Nagusia saria Bilboko edo Bizkaiko talderik onenentzat: Hex (Metala) eta Valkyria (Metala).
- Bilborock saria Bizkaiko talde aitagarri batentzat: Raidy Aim Fire (Metala).
- Azkena Rock saria Euskal Herriko talde aitagarri batentzat: Mamagigi´s (Bizkaia).
- Resurrection Fest lehiaketako talde aitagarri batentzat: Pandemia (Kantabria).
- Shake saria lehiaketako talde aitagarri batentzat: Los Estanques (Kantabria).
- Magnetron Sennheiser saria Pop-Rock eta Metaleko abeslaririk onenentzat: Fadwa Ouchen Ait Elalam (Dudu Ouchen, Pop-Rocka) eta David Arredondo Gómez (Taken, Metala).
- Stereozona saria, eurek aukeratutako Pop-Rock-eko talde batentzat: Las Sexpeares (Bizkaia).
- Musical Santutxu Metaleko baxu-jotzaile onenarentzat: Endika Uriarte Pérez (Hex, Bizkaia).
- Musical Sonor saria Pop-rock-eko Bizkaiko gitarrista onenarentzat: Asier Gallego Iriondo (Dudu Ouchen).
- Musical Sonor saria Bizkaiko baxu-jotzaile onenarentzat: Andrés Ossorio Oviedo (Dudu Ouchen).
- Letamina saria, eurek aukeratua: Las Sexpeares (Pop-Rocka) eta The Crazy Wheels Band (Pop-Rocka) eta Mamagigi´s (Pop-Rocka).
- Kategoria bakotxeko talde onenetzat: Alien Tango (Pop-Rocka), Hex (Metala) eta Skygaze (Elektronikoa eta beste jokera batzuk).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!