'Erlea' eta 'Euskera' barriak, Euskaltzaindiaren nobedadeak Durangon
2017-11-13 10:03 KultureaToloñoren inguruko ikerlana be aurkeztuko dau Akademiak 52. Azokan.
Abenduaren 6tik 10era egingo dabe Landako gunean 52. Durangoko Azokea eta, hitzordu garrantzitsu horretarako aste gitxi falta diran ezkero, argitaletxe eta erakundeak euren produktu barriak plazaratzen hasi dira. Euskaltzaindiak hiru nobedade nagusi izango ditu aurten: Erlea aldizkariaren 11. zenbakia, Euskera boletinaren 2016ko bigarren alea eta Toloñoko mendizerrako toponimiaren inguruko azterlana. Akademiak azpimarratu dau, Durangoko Azokan parte hartuko dauen 52. adia izango dala, hau da, hasiera-hasieratik hutsik ez dau egin.
Soinujoleak dira Bernardo Atxagak zuzendutako Erlea literatura aldizkariaren 11. zenbakiko gai nagusia. Soinujole tradizionalek, gazteek eta beste kultura batzuetatik heldutakoek daukie lekua. Batetik, Miel Anjel Elustondok Josu Zabalari egindako alkarrizketa sakona dakar ale barriak. Soinujolea izateaz gan, Hertzainak taldean ibili zan Zabala.
Bestetik, Bernardo Atxagak berak eta Joxan Goikoetxeak izandako barriketaldiaren ingurukoak kontetan ditu Erlea-k, musikariaren objektu batzuetatik abiatuta. Alea biribiltzeko, Jean-Louis Davant euskaltzain emerituak igaz hildako Piarres Xarriton ekarri dau gogora.
Horrezaz gan, Euskera aldizkariaren 2016ko bigarren alea be eroango dau Euskaltzaindiak Durangora. Euskerea Bizibarritzeko Erronkak jardunaldia da zenbaki horren abiapuntua eta, horregaz lotuta, Bittor Hidalgoren eta Patxi Saezen gogoetak batu ditue, baita Patxi Juaristiren artikulua be. Bestetik, Olatz Altunak eta Maialen Iñarrak kaleko erabilerearen ingurukoak jorratu ditue. Ganera, Euskera-ren ale barrian, Beñat Sarasolak, Gema Lasartek, Amaia Serranok, Jon Kortazarrek eta Letizia Diezek be idatzi dabe, beste gai batzuen inguruko testuakaz.
Hirugarren nobedadea Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa liburua da. Toloño mendizerrearen izenik egokiena zein dan azaltzen dabe eta, horretarako, inguruko etnografia, kartografia, literaturea eta abar arakatu ditue.
Nobedadeakaz batera, Euskaltzaindiaren beste argitalpen asko ikusi eta erosi ahal izango dira Durangoko Azokan, esaterako, Isabelle Echeverriak oraintsu plazaratutako Piarres Larzabalen antzerkigintza 1950-1982; eta Iñaki Caminok Amikuzeko euskerearen inguruan egindako azterlana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!