Barakaldok MTV Europe Music Awards galea hartuko dau 2018an

Bizkaie! 2017-11-13 11:49   Musikea

Nazinoarteko musikari ospetsuen kontzertuak egoten dira ekitaldi horretan.

Bizkaiko, Bilboko eta Barakaldoko ordezkariak (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

MTV kateak urtero emoten ditu Europako musikagintzearen sariak, eta horretarako kontzertuz betetako ospakizuna antolatzen dau. Aurten Londresen egin da ekitaldia, asteburuan, eta hitzordu hori aprobetxau dabe hurrengo urtekoaren barri emoteko. Bilbon izango da 2018ko MTV European Music Awards galea edo, zehatzago esanda, Barakaldon, ekitaldi nagusia BEC erakustazokan izango da eta.

Londresen bertan egindako agerraldian baieztau dabe albistea. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Amaia del Campo Barakaldoko alkatea izan dira bertan. Rementeriaren esanetan, herritar guztiek disfrutetako moduko ekitaldia izan daiten ahaleginduko dira. Bestetik, Bizkaia mapan kokatuko dauela azpimarratu dau. Bizkaian sekula antolatutako era horretako ekitaldirik handiena izango dala dino.

Amaia del Campok, bere aldetik, Bizkaiko, Bilboko eta Barakaldoko erakundeen arteko alkarlana txalotu dau. Barakaldok ekitaldi hau antolatzeko erronkeari ilusinoz helduko deutsala adierazo dau, herriko komertzioak, tabernak eta kaleak bizibarrituko ditualako.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazo dau abangoardiaren lehen lerroan dagoala Bilbo, metropoli sortzaile eta barritzailearen erdigunean. Era honetako sariek zeregin horretan sakontzen lagunduko dabela uste dau Aburtok, baita enplegua, jarduera ekonomikoa eta bizitza kalidadea bultzatzen be.

Halandabe, erronka gogorra be izango dala onartu dabe Rementeriak eta Aburtok, MTV European Music Awards tamainu handiko ekitaldia da eta. Oraindino ez dabe 2018ko edizinoaren nondik norakoen barri emon, baina normalean nazinoarteko izar garrantzitsuen emonaldiak antolatzen ditue, uriko leku enblematikoetan. Dobako kontzertuak izaten dira horreetako batzuk.

2018ko zemendiaren 4rako ipini dabe hitzordua. Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldutako datuen arabera, 135 herrialde ingurutan emoten da galea telebistaz, plataforma digitaletan be ikusi leiteke eta 500 miloe personako audientzia izaten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu