Aitor Mendiluze nabarmendu da Durangoko saioan
2017-11-13 08:11 BertsolaritzeaBECeko finalean egoteko aurrerapausu handia egin dau.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehenengo itzulia amaitu zan atzo, Durangon 2.100 zaleren aurrean egindako saioan. Aitor Mendiluze dotore ibili zan, eroso, eta horri esker ganerako bost bertsolarien ganetik amaitu eban. Besteak parekatuago ibili ziran, baina Miren Amurizaren lana azpimarratu behar da, finalean sartzeko aukerei eusten deutse eta.
Zortziko nagusiko ariketan hasita, bertsorik bertso bere sasoi bikaina erakusten joan zan Mendiluze, ariketa guztietan ale politak itxita eta puntuak batuta. Holan, amaieran epaileek 740,5 puntu emon eutsiezan, finalaurreko guztiak kontuan hartuta puntuazinorik onenetan bigarrena (Maialen Lujanbiok 750 batu zituan Irunen). Sei puntuko motzeko ofizioan ibili zan gusturen, Mendiluzek berak saioaren ostean onartu ebanez. Bakarkakoan be fin ibili zan, baina goia ezin jota, eta ariketa horretan gehiago nabarmendu ziran Jon Maia eta Oihana Iguaran.
Mendiluzeren atzetik, Miren Amuriza izan zan bigarren (678,5 puntu). Etxetik hur kantau eban berriztarrak, eta maila polita erakutsi. Jon Maia be ez zan urrun ibili, 675 puntu. Pixka bat atzerago, 671egaz, Oihana Iguaran izan zan laugarren, honek be lan ona egin eban baina Leitzako final laurenetako saioan agertutako maila bikaina barriro atera ezinda be ibili zan batzuetan. Iñaki Apalategi bosgarrenari 648 puntu emon eutsiezan eta Miren Artetxe seigarrenari, 639.
Honenbestez, finalaurrekoetako lehenengo fasea amaituta, finalerako bidea argitzen hasi da. Gogoan izan behar da, lehenengo eta bigarren itzulietan jasotako puntuak batu behar dirala, eta zazpi onenek irabaziko dabela BECerako txartela. Bigarren saioaren faltan, beraz, honeek dira une honetan lehenengo zazpi lekuetan dagozanak: Maialen Lujanbio (750), Aitor Mendiluze (740,5), Sustrai Colina (705,5), Aitor Sarriegi (705), Igor Elortza (703), Beñat Gaztelumendi (694,5) eta Agin Laburu (690). Hurrengoak, Miren Amurizak, 678,5 puntu ditu, eta finalean sartzeko lehian egon leitekez Jon Maia, Jon Martin eta Oihana Iguaran be.
Bestetik, sailkapeneko azken seirak ez dira pasau bigarren itzulira: Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddalen Arzallus, Aimar Karrika, Beñat Iguaran eta Nahikari Gabilondo.
Kontuak kontu, finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioa Amurrio (Araba) jokatuko da datorren domekan, zemendiaren 19an; han izango dira Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Jon Maia, Jon Martin, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!