Aurelio Artetaren zirriborro bat eskuratu dau Bilboko Arte Eder Museoak

Bizkaie! 2017-11-10 13:39   Kulturea

1912ko Irakurri Euzkadi kartelagaz lotuta dago marrazki hori.

Eusko Jaurlaritzeak Aurelio Artetaren (Bilbo, 1879-Mexiko Uria, 1940) marrazki edo zirriborro bat eskuratu dau, Bilboko Arte Eder Museorako. Balio historiko eta dokumental handiko lana da. Izan be, Irakurri/léase Euzkadi izeneko kartela, Aurelio Artetak 1912an egina, galduta dago eta argazkien bidez baino ez da ezagutzen. Kartel horretarako marraztutako zirriborro nagusia da museora heldu barri dan piezea, hau da, Artetaren galdutako lan haregaz lotura zuzena daukan lana.

Euzkadi egunkariak egindako enkargua izan zan kartela, publizidade moduan erabilteko. 1913an Euzkadi egunkaria argitaratzen hastekoak ziran sasoi haretako hainbat abertzale, eta Artetaren kartelaren bidez irakurleak erakarri nahi zituen.

Zirriborro honen eta behin betiko kartelaren argazkien arteko alderaketea egin ezkero, Artetaren hasierako asmoen eta benetan argitaratu zan kartelaren artean badagoz desbardintasun batzuk. Erdi-erdian agertzen dan mutilaren jarrerea pixka bat aldatu eben eta eskuan daukan makila ez da agiri behin betiko bersinoan.

Aurelio Arteta pintore bilbotarraren hasierako garaiko obratzat jo leiteke Irakurri Euzkadi, Parisen eta Erroman ikasi ondoren Euskal Herrira margolari izateko asmoz bueltau zanekoa. Kartela galduta dago eta, zirriborroa, ostera, bilduma pribadu baten egon da Gerra Zibilaren aurretik. Barriro publikoak ikusi ahal izango dau, Euzkadi zarratu ebeneko 80. urteurrenean hain zuzen.

Bilboko Arte Eder Museoaren bilduman Aurelio Artetaren obra ugari dagoz, 39 danetara: 26 pintura, lau marrazki, kartel bi, kartel-ikur bi, zirriborro bat eta museoaren jaubetzakoak ez diran arren gordailuan daukazan beste hiru pintura eta marrazki bat.

Artelana aurkezteko egindako ekitaldian, erakunde publikoetako ordezkari ugari egon dira: Iñigo Urkullu Lehendakaria; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Bilboko Arte Eder Museoa Fundazinoaren Patronatuko presidentea; Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; Miriam Alzuri, Bilboko Arte Eder Museoaren Erakusketa Saileko teknikaria; eta Miguel Zugaza, Bilboko Arte Eder Museoaren zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu