Matilde Elexpuru eta Garbiñe Mendizabal, Begoñazpi Ikastolako 2017ko ‘Gazte Role Model ’sariak
2017-11-10 10:29 KultureaSari honek, ikasleentzat ahalegin eta hobetzearen eredu izango dan sarituen lana ez eze solidaridade lana be aintzat hartzen dau, horixe baita sariaren helburu nagusia.
Gazte Role Model sariak Begoñazpi Ikastoleak urtero lan eta alkartasun baloreak aintzat hartuz, emoten dituan sariak dira. Aurtengo sarituak, beste kargu asko izan badau be, 2015era arte Bizkaiko Enpresarien Alkarteko buru eta bilbotar enpresaburu entzutetsua dan Matilde Elexpuru eta euskal mobimentu feministearen bultzatzaile Garbiñe Mendizabal Furundarena dira.
Sari-banaketea, zemendiaren 13an, arratsaldeko 18:00etan, Begoñazpi Ikastolan izango da (Jesus Galindez etorbidea, 15 -Txurdinaga- Bilbo). Bertan izango dira Bilboko alkatea dan Juan Mari Aburto, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua dan Cristina Uriarte, Euskara, Kultura eta Kiroleko Foru Diputadua dan Lorea Bilbao eta Bilboko Eleizbarrutiko gotzaina Mario Iceta. Solidaridade ereduari jagokon saria, Garbiñe Mendizabalek jasoko dau eta lan munduari jagokona, Matilde Elexpuruk.
Aurten, Begoñazpi Ikastolako Gazte Role Model sariek, lehen aldiz, emakume bi sarituko ditue arlo bietan, sarien bardintasun izakerea indartuz. Eredu diran emakume bi honeek eten bako lana egin dabe, bai gizartean, bai enpresan emakumeak bere lekua izateko zein honetan gailendu eta nabarmentzeko.
Euskadiko gizarte eta enpresa munduko zazpi adituk osotu daben epaimahaiak, bilbotarra dan Elexpururen lan-ibilbidea goraipatu dau, Euskadiko lan-eremuan enpresaburu nabarmenetakoa izatea lortu dauelako. 1975ean sortutako Tisa Congresos S.L. eta Traductores e Intérpretes S.A.ko zuzendari izan zan Elexpuruk, Bilbao Convention Bureau eta Kongresuak antolatzen dituann Enpreseak OPSCE Euskal Alkartea lako beste zenbait Alkarte eta erakunde be sortu eta sustatu dau. Ganera, 2006-2015 bitartean, Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Alkarteko eta Euskadiko Emakumezko Lan, Zuzendari eta Enpresarien Federazinoko presidentea be izan zan.
Epaimahaiak, modu honetan, emakumezko lehen enpresaria izanik, enpresarako sena izan eta eginiko lanean sakrifizioa eta ahalegina ez eze, jarraitasuna eta iraunkortasuna be erakutsi dauelako bere lan-ibilbidea onartu eta aintzat hartu dau. 2016an, Eusko Jaurlaritzaren Jose Mari Korta Saria be irabazi eban.
Mendizabali jagokonez, hauxe nabarmendu dau epaimahaiak: giza-eskubideakazko konpromisoa eta emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua izanik, gizon eta emakumeen arteko bardintasunaren aldeko hainbat erakunde eta alkarte sortu ditu. Soziologia eta Politika-Zientzietan lizentziatua, 1970. hamarkadatik aurrera Euskadiko mobimentu feministan parte hartu badau be, beste batzuekaz batera, Ágora Feminista lako zenbait mobimenturen sortzaile be izan da. Era berean, bardintasun eta emakumeen aldeko nazinoarteko zenbait ekitalditan parte hartu dau. Egun, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundeko presidentea izateaz gan, Bizkaiko Foru Aldundiko Genero Politika Eremutik Parekatuz programea be koordinetan dau.
Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak dinoanez, hamargarren edizino honetako epaimahaiak sarituen gizarte-lana eta humanitarioa onartzeaz gan, harremanetan zein barrikuntza eremuan gazteek jarraitzeko eredu izateko egiten daben lana be goratu dau, lana autorrealizazino profesionaltzat hartuz eta egoera ahulean dagozanakazko solidaridadea izanez.
Epaimahaikideak
Gazte Role Model Saria 2017ko epaimahaia, Euskadiko enpresa eta gizarte-laneko zazpi adituk osotu dabe: Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomia saileko idazkari tekniko ekonomikoa, Aitor Cobanera SPRIko Teknologia eta Barrikuntzako zuzendaria, Txema Villate Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente ondokoa, Iñaki Garcinuño CEBEK, Bizkaiko Enpresarien Konfederazinoko presidentea, Gaspar Martinez Bilboko Eleizbarrutiko kultura-ondasunen arduraduna, Nerea Begoña Elizbarrutiko Ikastetxeetako zuzendari nagusia eta Merkat Bernaola Begoñazpi Ikastolako zuzendaria.
Epaimahaikideen esanetan, X. edizino honetako Gazte Role Model Saria jaso dabenek, gazteentzako eredu izango dira enpresa munduan daben jarrera baikorragaitik, lan-garapenagaitik eta besteakanako ardureagaitik. Hain zuzen be, hauxe da 2008tik hona Bilboko Gotzaitegikoa dan eta 1.700 ikasle baino gehiago dituan ikastola honetako sarien helburu nagusia.
Ikasleei esperientzaren barri emonez
Sarituek euren bizipen edo esperientzia Ikastolako geletan zabalduko dabe. Ikasturtean zenbait berbaldi izango dabe ikasleakaz, bizitzan izan dituen helburuek zelan eragin deutsen azalduz, gaztetatik kontuan izan deiezan aholkuak, lan munduan izan daben hobetzeko pasinoa zein egoera ahulean dagozanei gizarte-lanean eskuzabaltasunez lagunduz.
Sarituek hezkuntza, fantasia eta mobimentuaren ikurra dan eta Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak eginiko Gazte Role Model Saria eskulturea jasoko dabe.
.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!