Damaris Pan-en erakusketea Bilbon, Barriek 2017 programearen barruan

Bizkaie! 2017-11-10 10:17   Kulturea

Rekalde Aretoan dagoz, urtarrilera arte, artista mallabiarraren lanak.

Bizkaiko Foru Aldundiak artista gazteei bultzadea emoteko urtero antolatzen dauen Barriek programako beste sortzaile baten obrea ikusgai dago Rekaldek Aretoko Kabinete Abstraktuan. 2017an, Barriek egitasmoko bekea irabazi dauenetako bat da Damaris Pan mallabiarra eta, horri esker, Ze morena zauden izeneko erakusketea antolatu dau.

Azken aldion egindako margolanak dira erakusketearen oinarria. Batzuk urtebeteko lana emon deutsien formatu handiko koadroak dira, beste batzuk txikiagoak. Pintureak berak, margoak, dauka garrantzia koadrootan, bertan agiri diran formek baino. Marrazkiek ez daukie esangura jakinik. Ikusteko ez eze, eregiteari begiratzen deutso Pan-ek eta, hortaz, bere obrek badaukie eskultureagaz loturatxu bat, Rekalde Aretotik azaldu dabenez.

Izenburuak erakusketearen hutsaltasuna adierazoten dauela dino autoreak, izan be, persona batek beste bati ze morena zauden esatean, egoera iragankor baten dagoala esaten deutso, bera, izatez ez dala holakoa. Dana izan leiteke beste era batekoa, eta izatez bada beste era batekoa, arrazoitu dau Pan-ek.

Urtarrilaren 7ra arte ikusi ahal izango da Damaris Pan-en erakusketea, doban. Ganera, zemendiaren 23an, eguenean, tailer praktikoa gidatuko dau Pan-ek berak, Batxilergoan zein unibersidadean artearen inguruko ikasketak egiten dabizanentzat.

Bestetik, abenduaren 22an, ECOS #16.Damaris Pan izeneko lana erakutsiko dabe, Ivan Gomezek Damaris Pan-en obrearen inguruan egindako bideo eta dokumentalak dira.

Damaris Pan-ek (Mallabia, 1983) EHUko Arte Ederren Fakultadean eta Berlingo KHBn egin zituan arte-ikasketak. 2014an, balioen desbideratze eta akatsa funtsezko arte-balio legez gaiaren inguruko doktoretza-tesia aurkeztu eban. Gaur egun, Bilboko bere lantegian ibilten da beharrean, eta, aldi berean, Leioako Arte Ederren Fakultadeko Pintura Sailean irakasle da.

2017/11/10 - 2018/01/07

Bilboko Rekalde aretoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu