Europako uririk onenaren saria emon deutsie Bilbori
2017-11-09 13:36 KultureaThe Academy of Urbanism erakundeak Bilbo nabarmendu dau, Londresen egindako ekitaldian.
The Urbanism Awards izeneko sariketan, 2018ko Europako uririk onenaren izendapena jasoteko, hiru finalista egon dira: Austriako uriburu Viena, Esloveniako uriburu Ljubljana eta Bilbo bera. Alderdi urbanistikoa, ingurumena, gizartea, barrikuntzea, gobernantzea, nortasuna eta beste hainbat ezaugarri ebaluetan ditu aditu talde batek. Bilbon egon ziran irailean, baita Vienan eta Ljubljanan be.
Azkenean, Bilborentzat izan da lehenengo saria, hau da, 2018ko Europako Uririk Onena titulua emon deutsie. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak pozarren hartu dau saria, Londresen egindako ekitaldian. Bihar-etzirako preparetan dabilen uria dalako emon deutsie saria Bilbori, azpimarratu dau Aburtok, balore sendoetan oinarritutako Bilbo.
The Academy of Urbanism irabazi asmo bako erakundea da, independentea politikan, Erresuma Batuko eta Europako uriak aintzat hartzea bultzatzen dauena, urigintza arloko praktika onak identifikau eta sustatzeko. Urbanism Awards dira erakundearen plataformarik garrantzitsuenak. Arkitekturako eta urigintzako profesionalek urtero euren proposamenak egin ohi ditue, uririk bizigarrienen zerrendan sartuko diran hiru uri aukeratzeko. Herrien, auzoen, txoko berezien eta kaleen kategorietan beste hiruna finalista egoten dira urtero.
Urien kategorian irabazten dauenari, The European City of the Year saria emoten deutsie. Aurten Bilbori egokitu jako hori. Juan Mari Aburto alkateagaz batera, Asier Abaunza zinegotzia joan da Londreseko ekitaldira eta, holan, bide batez, Britainia Handiko uriburuan egunotan antolatu diran beste topaketa batzuetan parte hartzen dago, Bilboko Udalaren izenean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!