Uriari eskainitako diskoa aurkeztu dau Rafa Ruedak

Dabi Piedra 2017-11-09 12:22   Musikea

Ingurune urbanoaren kontraesanak batu ditu Hiri kristalezkoa laneko hamar kantuetan.

Gogoeteari atea zabaldu eta aurrerapausua egin nahi izan dau Rafa Ruedak oraingo honetan. Aurreko diskoen inertzia apurtu eta maminez zein estetikaz desbardina izango dan lana sortu nahi izan dau. Emoitzea Hiri kristalezkoa da, bakarlari legez sei urtean atera dauen lehenengoa eta Elkar argitaletxeak plazaratua. Gitarrearen doinuek ohi baino pisu txikiagoa daukie disko barrian, abesti askoren konposizinoa tekladuagaz egin dau eta. Kantuak berak gitarrearen hotsak baino garrantzi handiagoa dau, Elkarreko Anjel Valdesen arabera.

Uria, XXI. mendeko ingurune urbanoa, da diskoaren ardatza. Melodiak sortu nituanean, lagun batek esan eustan kantuek ikutu urbanoa eukiela, eta ikusi neban hori izan ahal zala diskoaren haria, azaldu dau Rafa Ruedak. Uriaren monografia moduko bat da, beraz, diskoa, egilearen ustez.

Hiria kristalezkoa laneko hamar kantuek persona izenak daukiez: Angel, Jon, Nahikari, Roy Batty, Irina... Hamar izen, hamar istorio dira, urian bizi diranena, dino Ruedak, XXI. mende honetan pil-pilean dagozan hainbat gai jorratu dodaz euren bidez. Uria kontraesan handiko eremua da, babesa zein bakardadea emon leikez: Personek euren onena eta txarrena erakusten daben lekua da.

Behin abestien konposizinoa eginda, honeek ibili dira berbak idazten: Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Gotzon Barandiaran, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Arkaitz Estiballes. Azken abestia, ostera, Ruedak berak idatzi dau.

Alderdi askotatik etena, edo bide barri baten hasierea, da Hiri kristalezkoa. Lehenengo aldiz, produktore baten laguntzinoa izan dau Rafa Ruedak; Jon Agirrezabalagak egin dauen ekarpena txalotu dau mungiarrak, baina sarritan produktorearen aginduak onartzen ohitu behar izan dauela onartu dau.

Bestetik, alderdi estetikotik be badakarz barrikuntza batzuk. Gitarreak pisu txikiagoa izateaz ganera, intuizinoa gehiago erabili dau orain. Hori dala eta, gaur egungo Rafa Ruedaren estilo ezagunagaz batera, orain dala 25 urte baino gehiagoko musikearen oihartzunak ditu diskoak. Mungiako taberna baten diskoak jarteaz arduratzen zaneko doinuen arrastoak, hain zuzen. Sonoridade berezia dauka, 1980ko hamarkadearen amaierako estetikea eta gaur egungoa batera. Proiektuaren diseinurako, Malen Amenabarren marrazkiak erabili ditu.

Hiri kristalezkoa aurkezteko zuzeneko kontzertuetan formatu ugari erabiliko ditu Rafa Ruedak, agertokiaren arabera. Batzuetan bakarka igongo dau oholtzara, beste batzuetan binaka edo hirunaka, banda osoagaz be noz edo noz. Lehenengo hitzordua gaur bertan, hilak 9, izango dau, Bilboko Elkar dendan. Fermin Etxegoienegaz solasalditxua egingo dau Ruedak eta, ondoren, gitarreagaz lagunduta abesti batzuk joko ditu.

Ganera, hilaren 24an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian joko dau eta 26an, Ugaon. Abenduan be badaukaz hitzordu batzuk lotuta: 6an, Durangoko Azokako Ahotsenean, 12an, Bartzelonan, 15ean, Tolosan eta 16an , barriz, Amurrion. Urtarrilean Bermeon (11n), Gasteizen (19), Urretxun (21) eta Bilbon (25) joko dau. Martian Igorren eta Berrizen izango da eta, maiatzean, Urduñan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu