Biktimak biktimizetan?

Izena Izerdia Eta Izakerea 2017-11-09 12:08

Aurreko testuan, hizkuntza minoritarioaren eta aldi berean minorizaduaren elementua urten zan. Ba, badira beste era bateko gitxiespenak, esaterako, genero artekoa.

Genero-indarkeria geure gizartearen hutsune nabarmenen eta oraindino konpondu bakoen islada esanguratsuenetakoa da, esanguratsuena ez bada. Ez dot ilunegi azaldu gura, dana dala. Izan bere, mila eta bat aurrerapausu emon doguz gatx kutsakor honen desagerpenaren noranzkoan. Ez dodaz ahaztu gura, inondik inora be, politika publikoetan generoen arteko bardintasunerako emon diran urratsak, enpresa eta erakundeetan emon diranak, publizidade eta komunikabideen arloetakoak, sustatu -eta sustatzen- dan koordinazino eta alkarlan interinstituzionala, marko juridikoan lortu diran helburuak, bardintasunezko programa eta ekimen danak, sensibilizazino kanpainak, ahalduntze eta partizipazino egitasmoak, eta abar luze bat.

Baina sarritan galdetzen deutsat neure buruari, batzuetan ez ete doguz emakumeak, hots, biktimak eurak gura barik are gehiago biktimizetan? Nik uste modu kontzientean egiten doguzan ekintzetako frankok ondorio orotarikoak ekarten dituela modu inkontzientean. Adibide praktiko bat jarteko, genero-bortizkeria jasan izan dauen emakume bati eskaintzen jakozan laguntzino eta errefortzu baliabideen artean, besteak beste, bizkartzainarena dago. Bien bitartean, erasotzailea -gogoan izan erasoak eta, oro har, biolentzia bera dimensino askotakoak dirala- kartzelaratuta ez badago, kalean lasai asko ibili leitekeela. Ez litzake logikoagoa bizkartzaina gizonezko erasotzaileari jartea, eta ez, ostera, erasotuari?

Erasotuaren borondatea ez da behin erasoa jasaterakoan haren aurrean babesa jasotea, inongo erasorik ez jasotea baino. Akaso planteamendu nahiko azalekoa edo arineketan eginikoa dala emongo dau, ados, baina erreflexino sakon bat eskatzen dauela uste dot. Gauzak borondate onez, laguntzeko asmoz egiteak ez dakar beragan modu egoki zein logikoan egiten diran ziurtasunik. Bardintasunaren errekea igaro beharra dago, baina oinak hatx zentzudunetan pausatuta. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu