Erabarrituta dator Literaktum jaialdia

Bizkaie! 2017-11-08 09:58   Kulturea

Zemendiaren 14tik 25era bitartean egingo ditue jardunaldiak Donostian.

Literaktum jaialdia2017 | Ikusi handiago | Argazki originala

Literaktum jaialdia jantzi barriagaz dator aurten. Edizino berezia izango dala iragarri dabe antolatzaileek: Batetik, udabarritik udagoienera aldatu ditue datak eta zemendiaren 14tik 25era bitartean izango da. Bestetik, irudi barria, atal barriak eta kolaborazino sare zabalagoa erakutsiko ditu, erronka barriei heltzeko asmoagaz. Ez dau alboratuko, ostera, bere jatorrizko helburua: literaturara hurreratzea, bestelako lengoaia eta diziplinei zein gaur egungo eztabaidei lotuta.

Aurtengo edizinoak askotariko aukerak eskainiko deutsiez literatura zaleei eta hain zale ez diranei be bi; ospe handiko izenak eta perla ezezagunagoak; gaur egungo gaien ganeko eztabaidak, bai eta filosofikoak be. Edonork bere liburua, egilea edo jarduerea topatu ahal izateko bideak proponiduko ditu Literaktumek.

Honeek dira edizino honetako gai nagusiak: nobelea eta historiaren arteko hartu-emona, utopiaren indarra eta haren itzal distopikoak eta liburu ilustradua. Honeekaz batera, literaturearen eta beste diziplina batzuen arteko buztarketak be izango dira: gastronomiagaz, musikeagaz, zinemeagaz, pensamenduagaz, kazetaritzeagaz eta komikiagaz.

Gonbidatuei jagokonez, hainbat estilotako eta askotariko gaiak jorratzen dituen egileak izango dira jaialdian. Nobelea argitaratu barri helduko dira esaterako, Almudena Grandes, Uxue Alberdi, Eider Rodríguez, Belén Gopegui, David Foenkinos, John Banville eta Ignacio Martínez de Pisón idazleak. Bestalde, eztabaidan ibiliko dira Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza, Santiago Alba Rico eta Ixiar Rozas, Iván Repila eta Sergio del Molino. Idazlearen ofizioaz berba egingo dau Rosa Monterok, eta literaturea eta musikea buztartuko ditue Pettik eta Irati Jiménezek.

Danetara 50 gonbidatu baino gehiago izango dira topaketetan. Programazino orokorrari lotuta, ganera, azpimarratzekoak dira Literaktum Txikia eta erakusketak be. Aurten, lehenengoz, umeei zuzendutako programa zabala atondu dabe jaialdian zehar, eta zirkua, ilustrazino tailerra, antzerkia, musikea eta sormen tailerra atondu ditue txikitxuentzat. Era berean, zazpi erakusketa egongo dira ikusgai egun horreetan, eta nabarmentzekoak dira, Nosferatu zikloagaz eta Komikilabeagaz egindako alkarlanak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu