Kulturen arteko topalekua izango da Bilbo

Bizkaie! 2017-11-07 09:59   Musikea

Portugal, Galizia, Korsika eta Euskal Herria, Kulturaire ekimenaren protagonistak.

Igaz hasi zan Bilbao 700 Fundazinoa ekimena atontzen eta, aurten, beraz, bigarren edizinoa dau Kulturairek. Helburua izango da sustrai herrikoiak dituan euskal kultura garaikidearen eta adierazmolde garaikideetarantz eboluzinonau daben beste kultura herrikoi batzuen artean alkartrukea sustatzea. Honegaz batera, hurreko kultura herrikoiak zabaldu eta nazinoarteko beste proposamen barritzaile batzuk ezagutarazo nahi ditue antolatzaileek.

Aurten Portugal, Galizia, Korsika eta Euskal Herriko kulturak izango dira Bilboko Bizkaia Aretoan, arrastiko 20:00etan atondu dituen kontzertu bietan:

Biharko emonaldian, hilaren 8an, Maria Emilia Reis fado abeslari portugaldarra eta Xose Manuel Budiño konpositore eta sortzaie galizarra igongo dira oholtzara. Reisek heldutasun eta gaitasun harrigarriak erakusten ditu fadoa interpretetako, Bilbao 700 Fundazinoak azpimarratu dauenez. Fadoaren estilo berezia barritu eta, halandabe, tradizinozko nortasunari eusteko gai da. Budiño, ostera, musika tradizional galiziarra lantzen hasi zan, baina, gaur egun, beste estilo batzukaz nahasten dau.

Eguenean, hilaren 9an, barriz, A Filetta talde korsikarra eta Ortzi Otxotea abesbatza euskaldunaren txandea izango da. A Filetta talde polifonikoa Korsikako tradizino musikalaren ordezkaria da, ahozkotasunean oinarrituta, baina barrikuntzei eta joera garaikideei atea zarratu barik. Ortzi otxotea, ostera, gizonez osotutako korua da, mundu guztiko piezak zein euskal tradizinokoak abesten dituana.

Kulturaireko sarrerak salgai dagoz jada: Kutxabanken, Bilbao 700-III Millenium Fundazinoan (10:30etik 17:00etara) eta Bizkaia Aretoko leihatilan, kontzertua hasi baino ordubete lehenago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu