Backyard Babies izango da WOP Festivaleko kartelburu

Bizkaie! 2017-11-07 08:28   Musikea

Abenduaren 16an da hitzordua, Bilboko Santana 27 aretoan.

WOP Fundazinoak 2017. urtean antolatuko dauen azken proposamen musikalaren barri emon dau. Abenduaren 16an izango da WOP Festival jaialdiaren zazpigarren edizinoa eta hiru taldek joko dabe: Backyard Babies izango da kartelburua eta suediarrakaz batera Jim Jones & The Righteous Mind eta Guadalupe Plata egongo dira oholtzan.

1990eko hamarkadako rock bandarik distiratsuenen artean dago Backyard Babies, antolatzaileek azaldu dabenez. Hard rock eta punk estiloak jorratzen ditu gehienbat. 1989an sortu eben Suedian eta harrezkero zazpi disko plazaratu ditue, tartean Total 13, azken hogei urteotako diskorik baloratuenetako bat, WOPekoen arabera.

Jim Jones & The Righteous Band, ostera, 2014tik dago martxan, The Jim Jones Revue desegin zanetik hain zuzen. Rock estiloa lantzen dau talde britainiar honek. Azkenik, Guadalupe Plata hirukotea Andaluziatik etorriko da Bilbora, blues rock erako musikea eskaintzeko.

Uriko Santana 27 aretoan izango da jaialdia, abenduaren 16an, eta sarrerak salgai dagoz, 30 euroan. Egunean bertan erosi ezkero, 35 eurokoa izango da prezioa. Ganera, abenduaren 16an bertan, Peter Habeler mendizalea omenduko dau WOP Fundazinoak, Mendi Film Festivalen barruan egingo dauen ekitaldian.

Gaixotasun neurodegeneratiboen inguruko kontzientzia zabaltzea eta ikerketarako finantziazinoa batzea dira WOP Fundazinoaren helburuak. Horretarako erabilten daben bideetako bat da musikearena eta, horregaitik, urtean zehar hainbat kontzertu eta jaialdi antolatzen ditue. WOP Festivalen aurretik, Teenage Fanclub-en kontzertua atondu eben zezeilean, WOP Special Night garagarrilean eta Hunter & The Rant Band-en emonaldia urrian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu