Beñat Gaztelumendik irabazi dau Maule-Lextarreko finalaurrekoa
2017-11-06 08:52 BertsolaritzeaBECeko finalean egoteko lehian bete-betean sartu da añorgarra.
Egun euritsua eta iluna izan zan zapatukoa Maule-Lextarren eta Ororena pilotalekua bihurtu zan mila bertsozale baino gehiagoren babeslekua. Oholtzan, aurreko finalaurrekoetako mailatik pixka bat behera ibili ziran sei bertsolariak, saioa apal antzean joan zan eta. Erregularrena Beñat Gaztelumendi izan zan eta horri esker 694,5 puntugaz irabazi eban saioa. Bastidako eta Irungo irabazleek baino puntu gitxiago batu zituan baina, bigarren itzulira begira, bete-betean sartu da finaleko lekuetako bat eskuratzeko burrukan.
Bigarren Julio Soto izan zan, 668,5 puntugaz. Bertso politak itxi zituan nafarrak tarteka baina, bigarren itzulian izango dan arren, finalerako txartela lortzea oso gatx izango dau. Gauza bera pasau jakon Nerea Ibarzabal markinarrari, baina kasu honetan lehenengo txapelketea dau eta maila ona emoten dabilela ezin da ahaztu. Hirugarren izan zan (663 puntu). Etxahun Lekue laugarren izan zan (656,5), bere mailatik behera ibili zan Maule-Lextarren. Bosgarren Nerea Elustondo (637,5) eta seigarren Beñat Iguaran (604) izan ziran.
Zortziko handiko ariketetan bertso politak entzun ziran, baina ofizio biribilik ez. Beñat Gaztelumendik eta Nerea Ibarzabalek egindakoa nabarmena izan zan, zemendiaren 1aren ostean hilerria txukuntzen dagozan behargin biren azalean. Zortziko txikiaren atalean be, saioak bide beretik segidu eban, baina ariketa horretan ohikoak diran umorea eta kolpeak nahi baino gitxiago izan ziran. Hor be, zorrotzena izan zan Gaztelumendi, tabernariari behin eta barriro kanta bera ipinteko eskatzen eutsan bezeroaren papelean.
Puntu erantzunen eta seiko motzeko ariketen ostean, kartzelakoan egin eben azken ahalegina. Zure ibilbidearen unerik onenean zagoz, zure jarduna ixtea erabagi dozu izan zan Saroi Jauregi gai-jartzaileak emondako gaia. Gaztelumendiri emon eutsiezen puntu gehien bakarkakoan, bertsolaritzea aita izateko itxiko dauen bertsolariaren ahotik kantautako hiru bertsoei esker. Aktore, kirolari eta abarren papela be hartu eben ganerako bertsolariek.
Honenbestez, finalaurrekoetako lehenengo itzulia amaitzear da, saio bakarra baino ez da faltau. Durangon jokatuko da, domekan, hilak 12, eta han izango dira Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. Lehen itzuliko lau saioetako puntuazinoak hartuta, 18 onenak pasauko dira hurrengo itzulira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!