Estitxu Oterminen eta Mikel Erkiagaren artelanak Batzar Nagusietan
2017-11-03 13:41 KultureaAbenduaren 1era arte ikusi ahal izango da Bizi bizi bida erakusketea.
Bizkaiko Batzar Nagusiek eta EHUren Arte Eder Fakultadeak daukien hitzarmenari esker, erakusketa barria zabaldu dabe Bilboko Hurtado Amezaga kaleko egoitzan, Estitxu Otermin eta Mikel Erkiaga artistei emon deutsie euren lana erakusteko aukerea. Leioako campuseko Pintura ataleko ikasleak izandakoak dira biak.
Otermin eta Erkiagaren obrak alkarren arteko alkarrizketa baten ipini ditue, 20 artelan guztira. Autoreen esanetan, Bizi bizi bida izenburuak bat egiten dau biziteko eta marrazteko beharrezkoa dan jarrereagaz. Azkenengo urteotan, marraztearen plazerra eta pinturea ezagutzeko asmo bakarragaz intuizinoaren bitartez behar egiteko izan doguzan margolanak eta jakin-minak batzen dira erakusketan, adierazo dabe.
Estitxu Otermin nafarra esperimentazinotik sortzen diran pizgarriek gidatzen dabe. Koloreak kendu eta jarteak, formek, materialek, sortzeko prozesuan topautako logikak eta logika ezak. Erabilten dituan materialen apaltasuna, bere pintura berez dana azpimarratzeko modua dala esan daiteke. Pinturea bere barruko gatazkatik eta gustutik sortzen da.
Mikel Erkiaga bilbotarraren pinturea, bestetik, koadrotik berreskuratu daitekezan pintzelkaden eta egituren etenbako bilaketea da. Pinturak berak esaten dauenaz aparte beste ezer esateko asmo barik, bere artelanetan argazkiaren eta pinturearen arteko alkarrizketea dago, oinarri moduan intuizinoaren prozesua hartuta, geldi dagozan irudiak emoten dituana.
Bizi bizi bida abenduaren 1era arte ikusi ahal izango da, doban. Astelehenetik barikura, goizeko 08:00etatik 20:00etara dago zabalik Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako erakusketa aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!