'Go!azen' telesailak badauka bere APPa
2017-10-31 11:50 KultureaProiektu transmedia barritzaile baten parte da.
Euskal Telebistako Go!azen telesaileko arduradunek eta aktoreek agerraldia egin dabe, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailbuorde Miren Dobaranek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mikel Irizarrek lagunduta, saioaren APP barria aurkezteko. Gizartearen ohitura barriak gogoan, telebistatik jauzi egin eta beste gailu batzuetara heldu nahi dabe.
APParen bultzatzaileek bat egin dabe asmo nagusietan: euskerearen presentzia sarean eta ikus-entzunezkoetan areagotzea, euskerearen erabilerea gaztetxuen artean sustatzea, bide barriak jorratzea eta Go!azen marka arrakastatsuari ikasturte osoan bizirik eustea. Zemendiaren 3an, barikuan, hasiko dira telesailaren atal barriak eta ordurako garaiz heldu da telefono adimendunetarako aplikazinoa.
Aplikazino barria iOs eta Android sistema eragileak dituen gailuetarako garatu da eta eskuragarri dago dagoeneko APP Store edo Play Store dendetan. Doban deskargau leiteke. Beste inon ikusi ezingo diran edukiak izango ditu eskura erabiltzaileak APParen bidez: Altxor Ezkutua bideo bereziak, esaterako. Horreek ikusi ahal izateko, barikuetako emonaldiei adi egon beharko dabe jarraitzaileek, telesailaren emisinoan zehar emongo diran kode batzuen bidez baino ezin izango dalako desblokeau bideo bakotxa.
Dana dala, barrikuntza nagusia fikzinoa telesailetik bertatik harago eroateko ahalegina da, izan be, Go!atsapp atalaren bidez, pertsonaia nagusiek dituen alkarrizketak eta lagunakaz konpartidutako bideo eta argazkiak ikusi ahal izango ditue erabiltzaileek. Ganera, telesailaren atal guztiak eta ataletako karaoke bideoak be ikusi ahal izango dira aplikazino honen bidez.
Aplikazino hau transmedia proiektu zabalago baten parte dala azaldu dabe Donostian egindako aurkezpenean. Go!azen eta bere unibersoa zabaltzea eta indartzea da egitasmoaren helburu nagusia, eta, bestetik, gazteak dagozan tokietara hurreratu eta euren berbakerea erabiltea. Go!azen komunidadea sortu nahi dabe, eta interaktibidadea eragin.
Miren Dobaran sailburuordeak holako proiektuen garrantzia nabarmendu dau euskerea gazteen artean eta ingurune digitalean sustatzeko: Euskerearen erabilerea sustatu nahi badogu, kontuan hartu behar doguz gazteak eta euren ohiturak, baita ingurune digitala be. Produktu erakargarriak eta erreferentzialak bultzatu behar dira gazteakana ailegetako.
Mikel Irizarrek Go!azen-ek egindako ibilbidea txalotu dau, gaztetxuen entretenimendua modu erakargarrian euskeratik eta euskeraz egiteko garaian lortutako arrakasteagaitik. Orain pausu barri bat emon dau telesailak, edukiak ohiko telebista kanaletatik beste euskarri batzuetara bideratuz, modu barritzailean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!