'Arraroa' album ilustradua aurkeztu dau Pamielak
2017-10-31 10:29 KultureaAinara Azpiazuk idatzi ditu testuak eta marrazkiak Paula Estevezenak dira.
Album ilustraduen Etxepare sariketearen aurtengo edizinoa irabazi eben Ainara Azpiazu, Axpi, eta Paula Estevez marrazkilariek. Biak ibilten dira ilustrazinoak egiten baina, proiektu honetarako, Azpiazuk testuen ardurea hartu eta alde grafikoa, barriz, Estevezen esku geratu da. Etxepare sariari esker, Arraroa proiektua album bihurtu dabe autoreek eta Pamiela argitaletxeak plazaratu dau.
Sakanako Mankomunidadeak, Nafarroako beste 20 erakundetako euskera zerbitzuakaz batera, antolatzen dau euskerazko album ilustraduen Etxepare sariketea eta, horregaitik, eskualde haretan izan da Arraroa-ren aurkezpena, Azpiazu eta Estevez bertan dirala.
Etxebizitza bakar baten barruan jazoten da Arraroa albumak kontetan dauen istorioa. Leihoetatik barrura begiratuta, binetaz bineta pertsonaiak aurkezten deutsiez irakurleari eta pertsonaiek, ostera, errealidadea ikusten dabe leihotik begiratuta. Ume baten begiradatik errealidadea ulertzeko ariketea da Arraroa, modu sinplean baina topikoetatik aldenduta. Epaimahaiaren ustez, irudia eta testua modu bikainean buztartuta dagoz.
Urdina nagusi dala, kolore bizien alde egin dau Paula Estevezek album honetan. Testuak legez, marrazkiek be umore ikutuak daukiez. Epaimahaiaren esanetan, originaltasuna, indarra eta askatasuna ditu albumak, eta kolore biziek indartu egiten dabe inpresino hori.
Albumaren aurkezpena aprobetxauta, ganera, Etxepare sariketearen hurrengo edizinoaren deialdia egin dabe antolatzaileek. Umeei zuzendutako euskerazko album ilustraduak aurkeztu leitekez lehiaketara, formatu eta estilo librean. 2018ko maiatzaren 18a baino lehen aurkeztu behar dira proiektuak, eta garagarrilean emongo dabe irabazlearen barri. Honek 5.000 euro jasoko ditu eta Pamielak argitaratuko dau lana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!