Larreen Mankomunidadeen Zeharkaldia egingo dabe zapatuan

Bizkaie! 2017-10-27 13:27   Kulturea

Urtero legez, Ubide eta Zeanuri lotuko ditue ibiltariek.

Ubide eta Zeanuriko udalek, mende bat baino gehiagoko ohitureari kasu eginaz, zorrak kitatu eta pakea barritzeko ekitaldia egingo dabe zapatuan, urri bigarrenaren 28an. Horregaz bat eginaz, herri biok lotuko dituan Larren Mankomunidadearen XI. Zeharkaldia antolatuko dabe. Ganera, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien barruan sartu ditue aurten udalen arteko batzarra eta zeharkaldia.

Zeharkaldiaren antolatzaileek azaldu dabenez, Zeanuriko eta Ubideko udalak urtero alkartzen dira, urte baten udaletxe baten eta hurrengoan bestean (hasieran bide erdian, Barazarko mendatean, batzen ziran), udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urteroko ohiturea eta betebeharra da. Dirudienez, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek gizaldietan —gitxienez XVI. gizalditik— izan dituen ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da.

Batzar hori aprobetxauta, orain dala hamaika urte Zeanuriko Joko Alai eta Ubideko Amexier eta Ortuzar alkarteak zeharkaldia antolatzen hasi ziran, Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadatik. Oinezko martxa honek hiru helburu nagusi ditu: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko udalek urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei, ubidarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak erakustea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.

Urteerea Ubideko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazatik abiatuz, Erdi Aroko galtzadeak eukan bidetik joango dira parte-hartzaileak: Bigarren kilometroan, galtzadearen arrastoak argi agiri diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe. Tarte hori amaitu ostean, jatsierea hasten da Saldroporantz; hemen Otzarretako pagadiaren ondotik, Lapursasitik igaro eta Txareta ingurura arte paraje zelaietan ibiliko dira, Ipiñaburu auzunerantz joteko; aurbeherea hasi bezain laster arbelgune bat dago, eta gizaldietan zehar gurdiek itxitako gurpil-markak ikusi daitekez bertan. Aldain auzunetik igaroterakoan, zaldien posta-etxea egoan lekutik pasau eta Undurraga auzunean sartzen da bidea. Undurragan urtegiaren eskumako ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek, azkenik Zeanuriko plazara heltzeko.

Dozena bat kilometroko martxa hori egiteko, ordu bi eta erdi inguru beharko dituela kalkulau dabe antolatzaileek, lasai joan ezkero. Parte hartzeko, abiapuntura joan besterik ez da egin behar, doban da eta. Autoa Zeanurin ixten dabenentzat, Ubideko abiapuntura joateko autobus zerbitzua ipiniko dabe. Ubidean lagaten dabenek, ostera, amaieran bueltako autobusa hartu ahal izango dabe Zeanurira. Autobusaren txartela euro bian salduko dabe.

Ibilaldiari amaierea emoteko, 13:00ean, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Zeanuriko udaletxean; bilera horretan idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen kontuak egingo ditue, bilera agiria sinatu eta, ondoren, alkarregaz bazkalduko dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu