Goi mailako hiru hitzordu, Durangoko Hamabostaldian

Bizkaie! 2017-10-27 09:23   Musikea

Urriaren 31n hasiko da programazinoa, Ara Malikianen kontzertuagaz.

Nerea Aizpurua musikaria, Alfredo Sanz antlatzailea, Aitziber Irigoras alkatea eta Arandoño alkarteko Xabier Arana | Ikusi handiago | Argazki originala

Kurutzesantu Museoan aurkeztu dabe Durangoko Musika Hamabostaldiaren 28. edizinoa. Urriaren 31n hasita, hiru ekitaldi dagoz egitarauan, hirurak be goi mailako artisten eta adituen eskutik, izan be, kalidadezko musikea herritar guztiei eskaintzea da helburua. Oinarria musika klasikoa izango da, baina formatu bat baino gehiagotan.

Hasteko, Ara Malikian biolin-jole armeniarrak kontzertua emongo dau urriaren 31n, martitzenean, gaueko 21:30ean Landako gunean. Doinu klasikoak gaur egungo musikeagaz buztartzen ditu, baita beste disziplina artistiko batzukaz be. Malikianek bere ibilbide oparoan Durangon emongo dauen hirugarren kontzertua izango da hau baina, halandabe, badirudi ikusmina eragin dauela ze sarrera guztiak salduta dagoz dagoeneko, eta horrek esan gura dau mila entzuletik gora joango dirala.

Zemendiaren 5ean, Andra Maria eleizan (19:00), Donostiako Orfeoia eta Gerardo Rifón organu-jolea izango dira protagonista. Arandoño alkartearen 20. urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat izango da. Orfeoiak be 120 urte bete ditu.

Egitaraua biribiltzeko, zemendiaren 12an, Durangoko eta inguruko musikari eta adituak konbidau ditue. Nere Aizpuruak gradu amaierako lanerako atondu eban obrea eroango dau oholtzara, taldekideakaz batera. Valentin Zubiaurreren Ecos de Oiz obran oinarritutako berbaldi-kontzertua izango da, Erromantizismoa eta nazionalismo musikala Durangon izenburupean.

Aizpuruak biolontxeloa joko dau saio horretan eta Ander Berrojalbizek, biolea joteaz gan, azalpenak emongo ditu. Eurekaz batera izango dira Arrate Monasterio pianoan eta Maider Lopez bioleagaz. Kontzertu-berbaldia 19:00etan hasiko da, San Frantzisko eleizan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu