Gorillaz eta XX, 2018ko Bilbao BBK Live-ko lehenengo kartelburuak

Bizkaie! 2017-10-27 08:14   Musikea

Datorren urteko garagarrilaren 12tik 14ra izango da jaialdia.

XX taldeko kideak | Ikusi handiago | Argazki originala

Oraindino urte erdia baino gehiago falta da Bilbao BBK Live musika-jaialdiaren hurrengo edizinoa hasteko, baina antolatzaileak lehenengo iragarpenak egiten hasi dira. Kartelaren buruan egongo diran talde biren barri emon dabe, biak Britainia Handikoak: Gorillaz eta XX.

Bilboko Udalak bialdu dauen oharraren arabera, talde txalotua da XX, nortasun sakon eta benetakotasun handikoa. 2009an plazaratu eben ingelesek lehenengo diskoa eta berehala jarraitzaile ugari batu zituen. Orain arteko hiru diskoetatik azkena, 2017ko I See You, Britainia Handiko zerrendetako lehenengo postura heldu zan. Disko hori aurkezteko biran, Espainian egingo daben geldialdi bakarra Bilbokoa izango dala dinoe antolatzaileek.

Azken urteotako musikagintzako nobedade indartsuetako bat da XX baina Bilbon izango dan beste taldea, Gorillaz, beteranoagoa da, hogei urteko ibilbidea beteko dau BBK Live-ra datorrenerako. Damon Albarn eta Jamie Hewlett musikarien taldeak bosgarren diskoa plazaratu barri dau: Humanz, kritikearen eta zaleen erantzun ona eskuratu dauen lana. Hainbat artista konbidaduk lagunduko deutsie taldeari disko hori aurkezteko biran.

Bilbao BBK Live jaialdiaren 2018ko edizinoa garagarrilaren 12tik 14ra bitartean egingo dabe, ohiko lekuan, Bilboko Kobeta mendian. Hiru eguneko bonua erosteko eskaintza mugatua atera dabe antolatzaileek, zapatu eguerdira arte 80 euroan erosi ahal izango da, gastuak aparte pagauta. Ondoren, 99 eurora igongo dabe prezioa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu