Liburu zaharren eta aukerakoen topagune izango da Bilboko Arenala

Dabi Piedra 2017-10-26 13:07   Kulturea

Urriaren 27tik zemendiaren 12ra arte, 42 salmahai ipiniko ditue.

Asier Muniategi, Kepa Torrealdai eta Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteko Unai Aizpuru | Ikusi handiago | Argazki originala

Madriletik iparraldera dagoan era honetako azokarik handiena da Bilbokoa, antolatzaileek azpimarratu dabenez. Hamazazpi egunez, urriaren 27tik zemendiaren 12ra, liburu zaharrak, bigarren eskukoak eta katalogotik kanpo geratu diranak izango dira protagonista Arenalean ipini dituen 42 postuetan. Umetan liburu bat irakurri eta, heldutan barriro irakurtean, desbardina izaten da, azaldu dau Asier Muniategi azokako arduradunak, era honetako azokak aproposak dira barrirakurketea bultzatzeko eta, bide batez, irakurzaletasuna.

Edizino zaharrak edo arraroak topetako aukerea emoten dabe Euskal Herritik zein kanpotik etorritako saltzaileek eta Kepa Torrealdai liburu-saltzaileen alkarteko ordezkariak adierazo dauenez, abantaila handi bat dauka zuzeneko kontaktu horrek: Saltzaileak liburuen ganeko azalpenak emotea balio handikoa da erosketea egiteko orduan. Harribitxi ederrak topau leitekez azokan, baina baita liburu barriago eta arruntagoak be. Antolatzaileek ohartarazo dabenez, liburu asko argitaratzen dira urtero eta, beraz, batzuk berehala kentzen ditue katalogotik. Liburu-dendetan dagoeneko ez dagoan ale jakin bat bilatzeko lekua da Arenala.

Ganera, katalogotik kanpoko liburuak eta bigarren eskukoak prezio merke-merkean erosi ahal izango dira, batzuk euro bakar baten truke. Muniategik dino gehienbat nobelak saltzen dirala, baina gastronomiaren inguruko liburuak be arrakastatsuak izaten dira. Sasoi honetan, ganera, perretxikoen ganekoek eskari zabala dabe. Horrezaz gan, euskal gaiak eta historiako aleak be erosten ditu jente askok. Kanpoko saltzaileek Bilbogaz edo Euskal Herriagaz lotutako aleren bat topetan dabenean, gorde egiten dabe Bilboko azokara ekarteko, badakielako hemen erosleak izango dituela.

Beste alde batetik, liburu zahar ugari be egongo dira azokan. Horreek karuagoak izaten dira, ale batzuk mila eurotik gora. Bildumagileentzako eta liburuen maitaleentzako da hori, dino Muniategik, badagoz autore edo gai jakin baten inguruko ahalik eta edizino gehien batzen ahalegintzen diranak, engantxau egiten dau. Ehun urte baino gehiago izan behar ditu liburu batek zaharren kategoria horretan sartzeko.

Azokea bihar, barikua, inaugurauko dabe: Goizez, 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara. Dagoeneko 39. aldia dau Bilboko Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokan eta, antolatzaileen arabera, sasoi onean heldu da 40. urteurrenaren atarira.

 

Datuak

Liburugintzeak 2016an Euskal Autonomia Erkidegoan itxitako datu batzuk azaltzeko erabili dau azokearen aurkezpena Asier Muniategik. Erkidegoan 3.287 titulu barri plazaratu ziran igaz, horreetatik 1.312 euskeraz. Kopuru horreek gora egin dabe aurreko urteakaz alderatuta. Euskerazko liburuen fakturazinoa, ekimen pribadua bakarrik kontuan hartuta, 36 miloe eurokoa izan zan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu