Kirola eta bardintasuna aztergai
2017-10-26 12:46 KultureaEuskadiko federazino-esparruan bardintasuna lantzen gidea aurkeztu dau Eusko Jaurlaritzeak.
Kirol-erakundeak: genero-ikuspegian pentsatu eta onurak sortu jardunaldiei emon deutsie hasierea Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Euskal Herrian kirolak bizi dauen egoerearen ganean genero-ikuspegitik hausnartzea dau helburu ekimenak.
Hitzordua Euskadiko Artxibo Historikoan egin dabe, Bilbon, eta 2017ko Bardintasunerako Foroaren barruan atondu dabe; bertan, kirolariek, klubek edo enpresa babesleek parte hartu dabe. Honegaz batera, Eusko Jaurlaritzeak Euskadiko federazino-esparruan bardintasuna lantzen gidea aurkeztu dau.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzea eta Emakunde izan dira jardunaldiok atontzeko ardurea hartu dabenak eta azaldu dabenez, emakumeak eta genero-ikuspegia kudeaketa-eremu eta erabagiak hartzeko eremu guztietan presente izatea, justizia kontua ez eze, erakundeetan euretan be eragin positiboa dauen onura soziala da.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzearen helburu estrategikoetako bat kirol-eremuan bardintasun erreala sustatzea dala azaldu dabe aurkezpenean. Eusko Jaurlaritzeak irailean aurkeztutako Jarduera Fisikoa eta Kirola 2017 ikerlanak argi erakutsi eban kirol-jarduereari jagokonez dagoan arrakalea emakumezkoen eta gizonezkoen artean. Honen arabera, 13 puntuko aldea dago: gizonen % 70ek eta emakumeen % 57k egiten dabe kirola. Modu berean, 2016an Eusko Jaurlaritzeak sustatutako beste ikerketa baten arabera, kirol-albisteen %10 baino gitxiagok erreparetan deutsie emakumezkoen kirolari. Bardintasun eza kirolaren esparruan agiriko errealidade bat da. Instituzinoetan gagozanoi jagoku honi aurre egitea, atxakia barik, dino Zupiriak.
Landaidak bestalde, genero-politikea jarduera fisikoaren eta kirolaren kudeaketa-politikan sartzea beharrezkoa dala nabarmendu dau. Edade eta baldintza guztietako emakumeak eremu eta maila guztietan sartzeko, parte hartzeko eta ordezkatzeko erabateko bardintasuna bermatu behar da: kirolari izateko, baina baita kudeatzaile, zuzendari, entrenatzaile, teknikari, epaile eta abar izateko be. Horretarako hezkuntzako estrategien erabilerea sustatu behar da, neska-mutilak edozein jarduera-muetatatan normaltasunez sartu daitezan.
Horrezaz gan, Emakundeko zuzendariak nabarmendu dau behar-beharrezkoa dala beste pausu bat emotea kirolaren benetako esanahia berreskuratzeko: Ez da nahikoa bermatzea emakumeek kirola bardintasunean egin leikiela. Gaur egun kirolaren munduan dagozan balio batzuk birplanteau behar dira, izan be, ez dabe bape zerikusirik kirolaren benetako balioakaz, esaterako, errespetua, gainditzea, ahalegina…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!