Akabu, Aneguria, Azken Trena eta Raust! dira Banden Lehiako finalistak

Bizkaie! 2017-10-26 08:18   Musikea

Zemendiaren 24an izango da finala, Bilborocken.

Beratik dator Azken Trena | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal banda eta musikari gazteei bultzadea emoteko antolatzen dau Azkue Fundazinoak urtero Banden Lehia. Aurten, sariketearen 9. edizinoan 15 taldek emon dabe izena eta epaimahaiak eta zaleek emon dabe eretxia: Akabu, Aneguria, Azken Trena eta Raust! izango dira finalean. Gehienbat rock taldeak aurkeztu dira Banden Lehiaren 2017ko edizino honetara, baina pop, metal eta punk alternatiboko batzuk be egon dira.

Epaimahaian Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko arduraduna, Xabi Hoo Enkore taldeko abeslaria, Maia Muruaga Euskal Irratietako esataria eta Aritz Gonzalez Last Tour Internationaleko kidea dagoz.

Parte-hartzaileen maila altua azpimarratu dau epaimahaiak eta aurkeztu diran guztien artean hiru aukeratu behar zituen; azkenean, onenak Bilboko Aneguria, Basauriko Raust! eta Berako Azken Trena izan dirala ebatzi dabe epaileek. Azken horreek lehiaketako 15 taldeen arteko nafar bakarrak dira, ganerako parte-hartzaileak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak dira.

Beste alde batetik, zaleek be finalista bat aukeratzeko modua izan dabe, internet bidez, eta Akabu taldearen alde egin dabe; Banden Lehiaren webgunean egindako bozketan, 10.612 boto emon deutsiez galdakoztarrei.

Bilborock aretoan, zemendiaren 24ko finalean joko dabe lau talde finalistek. Barriro be, epaimahaiaren eretxia eta publikoarena kontuan hartuko ditue Banden Lehiako 2017ko irabazlea erabagiteko. Ekitaldi horretan, ganera, Itziarren Semeak banda ezagunak joko dau, lehiaketaz kanpo.

Gauzak holan dirala, irabazleak datorren urtean diskoa argitaratu ahal izango dau, baliabide profesionalakaz eta Baga Biga diskoetxearen eskutik. Ganera, 2018ko musika jaialdi handi bitan joteko eskubidea izango dau, Bilbao BBK Live-n eta Bartzelonako EH Sona-n hain zuzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu