Basque Music-ek euskal artisten parte hartzea sustatuko dau Womex-en
2017-10-25 12:08 MusikeaHilaren 28an, Juan Mari Beltran musikaria izango da Poloniako azokan.
Basque Music euskal musikea atzerrian sustatzea helburu dauen plataformea da eta nazinoarteko musika ekitaldi nagusietako bitan egongo da aste honetan. Hitzorduak Bizkaia International Music Experience (BIME) eta Katowiceko (Polonia) Womex munduko musiken azokea. Topaketa horreetan showcase bana atonduko dau Basque Music-ek, Euskal Herriko artistak edo taldeak sustatzeko.
Munduko musika-profesionalen topaketa nagusitzat hartzen da World Music Expo edo Womex, eta aurten Katowice urian izango da hilaren 29ra arte.
Euskal Herriko musikan erreferente diran artistek eta taldeek parte hartu izan dabe azoka honetan hasieratik. 2016an, Santiagon, Xarnege izan zan ordezkaria, eta aurtengo edizinoan Juan Mari Beltran izango da aurreikusitako showcaseko buru, hilaren 28an, zapatuan, 23:15ean, offWomex agertokian.
Musikari donostiarrak kontzertua eskainiko dau Ixiar Jauregi eta Errege Beldagaz batera. Euskal Herri Musika eta Soinu-Tresnak dau izena emonaldiak. Euskal musika-tresnak, txalapartea, txistua eta albokea, besteak beste, izango dira protagonistak. DJ Makala, azokako ohiko parte-hartzailea, gaur, urriak 25, izango da Global Club Music Network aretoan.
Beste azoka eta topaketa batzuetan legez, Womexen be bere stand-a izango dau Basque Music-ek. Azokan parte hartzen daben euskal profesionalek eskura izango dabe stand hori, euren lanak beste profesionalei erakusteko. Modu berean, musika tradizionalari, egile-musikeari, folkari eta fusinoari lotutako talde eta bakarlarien katalogoa erakutsiko dau Basque Music-ek.
Plataformea Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Herriko Musika Bulegoak eta Euskadiko Soinuak-ek osotuten dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!