Ondarreta abesbatzea mende erdia ospatzen dago

Bizkaie! 2017-10-24 10:11   Musikea

Bilboko Alkarte Filarmonikoaren egoitzan eskainiko dabe kontzertua, barikuan.

Ondarreta abesbatzea | Ikusi handiago | Argazki originala

Ospakizunez betetako urtea izan da 2017a Getxoko Ondarreta abesbatzearentzat. Urteko egutegiaren ohiko kontzertuez gan, Ondarreta 1967-2017 izeneko oroitzapenezko CDa eta Pablo Diaz-Guardaminok idatzitako Ondarreta 50 años izeneko liburua argitaratu ditue. Horrezaz gan, abesbatzeari eskainitako zigilua eta zigilu-markea aurkeztu eben Getxoko XXXIV. Filatelia-erakusketan, eta irailean, jai- batzordeak konbidauta, Areetako Mesedeetako jaietan pregoia irakurri eben.

Orain amaierea emon nahi deutsie 50. urteurrena ospatzeko atondu dituen ekitaldi guztiei, eta horretarako, Ondarretak kontzertua eskainiko dau datorren barikuan, urriaren 27an, Bilboko Alkarte Filarmonikoaren egoitzan. Emonaldia 20:00etan hasiko da eta bertan, Leioako Kantika Korala be izango da, gaur egun dagozan talde koralen artean sarituenetako bat.

Emonaldi horretan, Ondarreta abesbatzeak Giovanni Battista Pergolesiren Magnificat eskainiko dau eta baita Ondarreta, 50. urteurrena piezea be, Iñaki Moreno zuzendariak beren-beregi sortua.

Etorkizunari begira, Ondarreta abesbatzeak proiektu bat dauka: ume-abesbatzea sortu nahi dau Romo-Areetako auzoetako eta inguruetako txikitxuen interes musikalak asetzeko, eta etorkizunean abesbatzarako harrobia izateko.

Gaur egun, abesbatzan 58 persona dagoz: 17 soprano, 17 kontralto, 11 tenore eta 13 baxu. Horreekaz batera, zuzendaritza musikala, teknika bokalaren irakaslea eta piano-jotzailea dagoz.

Barikuko kontzerturako sarrerak salgai dagoz hemen eta Kutxabank-eko kutxazainetan. Barikuan be eskuratu ahal izango dira txarteldegian bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu